Jarraitu Twitterren! Siguenos en Facebook

2010/02/07

Erreportajea | Berri Txarrak (lehen zatia)


Amestearen ordaina

Mugarik gabeko helmugak etengabe gurutzatzeko prest daude. Bat gainditu orduko beste hiru dituzte eskura, aurrez aurre. Erronka berriak betetzeko gogotsu daude Berri Txarrak taldekoak. Hamabost urte pasa dira dagoeneko Lekunberrin sortu eta hasi zirenetik. Diskotik diskora, urratsez urrats, euren doinuen oihartzuna areagotu dute. Eta egun, azken lau urteetan egindako kilometroak adina jarraitzaile dituzte. Beldurgarria da nafarrek gurean ez ezik, inguruko herrialdeetan ere erdietsi dutena. Transmititzea, berba eta irudia, baina batez ere musika. Batek daki, baina “Payola” (Roadrunner) helmuga berrien giltza izan daiteke.

Musika talde baten zikloa ezin da neurtu. Jaio edo abiatzen den orok izango du akabera, baina nekez jakin daiteke noiz izango den hileta. Bitartean unean unekoa bizi behar da. Gozatu, eta atzera gehiegi begiratu gabe aurrera egin. Berri Txarrak taldeak ez du berehalakoan ahaztuko 2005etik hona bizitakoa. Jaio.Musika.Hil bosgarren lanarekin, amestearen zergatia ulertu zuten.

Azken lau urteetan zituzten amets gehienak egia bihurtu dira. Euskal Herriko euskarazko talde garrantzitsuena izatearekin batera, nazioarteko ateak zabaltzeko aukera probestu dute. “Munduan zehar egindako biran 200 kontzertu baino gehiago eskaini genituen, erdiak baino gehiago atzerrian”, gogoratu du oraindik harrituta Gorka Urbizuk. “Espero ez genuen arren, ‘Jaio.Musika.Hil’ lana gure musika ibilbidearen giltzarri bihurtu da”. Bidaia luze horren laburpena duela bi urte plazaratu zuten Zertarako Amestu dokumentalean jaso zuten. “Argi genuen unean uneko esperientzia hura ez zela betirako izango, eta horregatik grabatzea erabaki genuen”.

Iragan hurbila ahaztu gabe iritsi da Payola, nafarren seigarren diskoa. “Egia esan, lan berri bat plazaratzeko presioa sentitu genuen”, azaldu du Urbizuk. Pasa den urte osoa entsegu lokalean eman zuten lan berria konposatzen, bikote gisa. Mikel “Rubio” baxu jotzailearen agurraren ondoren, Urbizuk eta Aitor Goikoetxeak sormenari denbora eskaini zioten. “Betidanik gure helburua ahalik eta disko onena egitea izan da, kantu onenekin osatutakoa”. Ondoren iritsi zen David Gonzalez kide berria (Evirus 69, Pilt, Cobra, ...), hirukoa sendotze aldera.

Erronka berriak

Ez dira atzera begira zaleak, hala dio Urbizuk. Horregatik ilusio eta asmo berriak dituzte. Beharrezkoa talde gisa hazteko eta ibilbideari segida emateko. Etxekoa horren ondo ezagututa, kanpora begira daude. Ezezagunaren tentazioa.

Izan duzuen oihartzuna ikusita, Euskal Herria txiki geratu al zaizue?
Inolaz ere. Ematen du Roadrunner diskoetxearekin sinatzeak handinahikeriatan murgildu garela, eta ez da horrela. Guretzako gauza normala izan da. Azken hamabost urteetan hemen bakarrik jo izan bagenu jendea erreta egongo zen, eta gu ere. Erronka berriak behar ditugu. Ez dugu gure buruaren parodia izan nahi, eta kantuekin berbena bat egin. Momentuan egiten dugun horretan sinistu behar dugu. Horregatik, argi ikusi genuen gure eremua zabaldu behar genuela. Saiatu behintzat. Eskuak Ukabilak diskoa kaleratu arte ez ginen Euskal Herritik jotzera atera. Katalunian izan genuen lehen esperientzia. Gerora, zabaltzeko aukera izan dugu. Erronka da kanpora iristea baino etxekoa mantenduz, eta zaleei zerbait berria eskainiz.

Zuen inguruko laguntzaile taldeak egin du posible zuen jauzia?
Egia esan, inguruko lan taldea izango ez bagenu beste maila batean geundeke. Lanak eta ilusioak egin du posible lortu duguna. Aurreko lana atera genuenean gure helburua ez zen leku jakin batera iristea. Bere garaian lanpostuak utzi eta saiakera egitea erabaki genuen. Egun ere ez dugu helbururik. Aurrera goazen sentsazioa soilik nahi dugu, eta horrek ematen dizun oxigenoa aprobetxatzea. Dena dela, egia da inguruko hainbat pertsona erabakigarriak izan direla. Bat esatekotan, Pau eta Panda Management aipatuko nituzke. Askotan aldatu dugu musika eragintza, baina eurekin gaude gustura gure filosofiarekin bat egiten dugulako. Gure erokeriak euren erokeriak dira. Horrela, gurean lortutakoa kanpoan inbertitzen saiatzen gara.

Ameriketako Estatu Batuak. Horren urrun eta hurbil. Azken bi lanekin bertara jo duzue. Ed Rose, Steve Albini, ... Zer dela eta?
Onerako edo txarrerako entzuten ditugun talde asko eta asko estatubatuarrak dira. Rocka ezagutu genuen euskal eszenari esker, hasi ginenean, eta asko zor diogu. Baina egun AEBetako taldeak atsegin ditugu. Trikitixa talde bat izango bagina ez genuke Chicagora joko, argi dago. Alabaina, Albini edo Rosengana jotzeak badu bere arrazoia. Jakin nahi genuen pertsona horiek zer egiteko gai ziren gure musikaren. Gure eszenatik kanpokoak eta rock&rollaren historian disko garrantzitsuak egin dituzten pertsonak izanik, emaitza ikusi nahi genuen. Jaiorekin esperimentu txiki bat egin genuen, lan erdia eginda eraman genuelako. Payola diskoarekin, ordea, argi genuen Albinirekin grabatu nahi genuela. Berarekin lan egiteko aproposak ziren.


90eko hamarkada

Hazi ahala hezi, eta alderantziz. “Nerabezaroan entzuten duzun musika horrek eragin eta markatzen zaitu”, uste du Urbizuk. Arrazoia ez zaio falta. Berri Txarrak urteetan edandakoaren isla garbia da. Garapen koherente baten emaitza.

Hasi zinetenetik taldeak eboluzio nabarmena izan du. Estiloa, soinua edo taldekide kopurua aldatu dira. Nola laburbildu izandako garapena?
Ez dugu arkatz bat hartu disko bakoitzean nahi genuena lortzeko. Hori oso zaila da. Denborak, entzundako musikak eta esperientziak ekarri gaitu garenera. Beste talde asko bezala, hasieran Su ta Gar izan nahi genuen. Nahi Ta Nahiez taldetik gentozen Aitor eta biok, eta gure nahia zen orduan musika azkarra eta oldarkorra jotzea. Lehen aldia nuen gitarra bat hartzen nuela. Nire ustez talde baten eraginak lehen, bigarren edo hirugarren diskoan asko nabaritzen dira. Ondoren pixkanaka soinu propioaren bila hasten da taldea. Bestalde hirukote izatera pasa ginenean bitxia izan zen. Lehenago ere hartu genuen sinplifikatzeko joera. Literaturan ere gertatzen da. Idazle batek lehen liburua ateratzen duenean dakien guztia bertan erakusten saiatzen da. Baina hurrengo liburuetan gauzak kentzen, kimatzen doa, eta esentzia bilatzen du.

Laukote izatetik hiruko izatera bada aldea, eta zuengan nabaritu dela uste duzue?
Dutek ere egin zuen, Nirvanak ere... Hirukote izatera pasatzea garrantzitsua izan zen. Badu bere magia. Gainera ez genuen nahita erabaki. Aitorrek taldea uztea erabaki zuenean, berezia izan zen. Beste norbait sartzeak beldurra ematen zigun. Aitor joan zenean disko baten atarian geunden. Badira kantu batzuk gitarra bat gutxiagorekin ere esentzia mantentzen dutenak. Baina, moldaketak egin behar genituela ikusi genuen. Gainera niretzako zaila izan zen abestu eta aldi berean gitarra jotzea. Baina lortu genuen. Orain dugun sentsazioa da hiruko bezala betidanik gabiltzala, kontzienteki izan gabe hori barneratu dugu.

Musikari dagokionez, hiru hamarkadetako eraginak topatu dituzte Payola lanean. Bereziki, ordea, 90eko musikarekin hazi zarete, ezta?
Hala da. Gerora musika zale hutsa gisa erroak nondik datozen ikertzen hasten zara. Baina hobeto ezagutzen ditut Panteraren diskoak Black Sabbathenak baino. 1991n 14 urte nituen eta badakit urte hartan eta hurrengoetan entzun nituen diskoak direla nire eraginak. Megadeth edo Metallica ditut gogoan. Nik ez nuen anai zaharrik eta Lekunberrin ez zegoen rock zaletasunik. Are gutxiago euskalduna bazen. Euskal taldeak Eh Sukarra eta Su Ta Gar gisakoen ezagutu genituen. Eta gero iritsi ziren Pantera, Nirvana, Rage Against The Machine, Weezer eta besteak. Gaur egungo musikari gazteek egungo musikaren eragina izango dute, gerora joko dute erro zaharretara (...).

Entzun! aldizkariaren 59. alean argitaratua (2009).