Jarraitu Twitterren! Siguenos en Facebook

2011/12/27

HR!Z 007 | Napoka Iria + Physis Versus Nomos


HR!Z 007 | NAPOKA IRIA + PHYSIS VERSUS NOMOS
Eguna: urtarrilak 13, ostirala.
Aretoa: Doka Kafe Antzokia.
(Errege zain 20, Antigua – Donostia)
Ordua: 20:30.
Sarrera: 5€.

NAPOKA IRIA. Jendaurrean grabatutako lan berria kalean du Eibarko bikoteak. 2005eko izen bereko maketa eta 2008ko 3 kantuz osatutako bigarren maketaz geroztik ateratako kantu bilduma da Lehertarazi Edifizioak (Bonberenea, 2011). Urtarrileko asteburu batean, grabaketa estudioa Bergarako Zabalotegira egokitu, ateak publikoari zabaldu eta bi kontzertu eman zituzten kantu zahar, berri eta hainbat bertsio eskainiz. Horietako hamar piezek osatzen dute bilduma, gitarra elektriko bat, akustiko bat eta ahotsen ohiko dantzekin.

PHYSIS VERSUS NOMOS. Beñat Antxustegi musikari donostiarraren bakarkako egitasmoaren ezizena da. Iaz maketa laburra sareratu ondotik, aurten Zartada eta Ferekaren Artean (Auto-ekoizpena) estreinako lana aurkeztu du. Rock, pop eta folk doinuak nahasi eta bere eremura eramateko abilezia du.

Informazio gehiago:
www.myspace.com/napokairia
www.myspace.com/physisversusnomos

2011/12/15

HR! 55 | Curasan, Lisabö, Porco Bravo, Giranice, ...


Esperimentazioa zinez erakargarria da. Erritmoak, pasarteak, melodiak, ... ezaugarrien nahasketak aberasten du musika. Gurean zorioneko ereduak ditugu. Batzuk "pre" eta beste batzuk "post". Gaur, 23:00etan, Info Zazpi irratian, Harrobia uhinzinearen ale berri bat entzun ahal izango duzue.

ALE HONETAN: Curasan "Curasangre" (hurbileko entzunaldia), Lisabö, Porco Bravo, Cold Revenge, Txarrena, Giranice (lehen pausoa), Meido, The Soulbraker Company, ...

2011/12/13

Negua etorri da ta


Belarriekin ikusteko nire begiek entzuten ez dutena... Horrela dio euskarazko kantu baten letrak. Agian, again, entzuteko aukera izan duzue. Letrak gordetzen duen mezua bestelakoa bada ere, esaldi konkretu horrek ondo baino hobeto definitzen du musikaren egungo egoera. Kontsumo jendartean doinuak begiekin jaten dira belarriak goxatzeko. Musika entretenimendurako tresna hutsala bihurtu da. Bihurtu dute.

Negua joan, negua etorri, panorama hozten ari da. Alta, inoiz baino musika talde gehiago daude. Han eta hemen. Inoiz baino kontzertu gehiago daude... Tira, ikusle kopurua iraganeko berbera da. Kontzertu arruntetaera betikoak joatean dira, kontzertu berezituetara modaren parte sentitu nahi dutenak. Inoiz baino musika gehiago entzuten dugu. Kontsumitzen dugu. Era da sobera aldatu dena. Euskarri fisikoa desagertzen ari da, mp3 solteen iraultza dela eta. Izan ere, abesti bakartuen fenomenoa da mainstream mota berria. Singleak, kantu solteak, hartu du diskoaren produktu izaera. One hit wonder delakoak esanahia eguneratu du.

Euskal Herrira ere iritsi da negua. Azken urtean, aipatu fenomenoa gurean eman da. Zea Mays taldeak oihartzun nabarmena izan du “Negua Joan Da Ta” abestiarekin. Agian, again, han eta hemen entzun dugu. Baita zeinuen hizkuntzan ikasi ere. Kantu bakarrari esker, askorentzat talde kuttuna da orain Errekaldeko laukoa. Sei disko argitaratu arren, zale berri horiek aipaturiko abestia baino ez dute ezagutzen. Adierazgarria bezain tristea da. Bizkaikoek seigarrenean asmatu dute. Horretarako, proposamena egokitzea erabaki zuten. Hori bai, taldearen izaera galdu gabe. “Morphina” aurreko lan hobean zetorrenaren aurrerapen txikia eskaini zuten. Baina, dirudienez, abesti biribilik, ez. Aurrera begira, erronka ederra dute norabidea aukeratzerakoan. Jarraitzaile berriena, edo betidanik alboan izan dituzten horiena.

Musika eszena bozgorailuek izoztu dute. Iragazkia ezarri, abestiak hautatu eta hedatzen dituzte. Gurean sarritan aipatzen duguna Gaztea irrati formula publikoa da. Euskadi izateari utzi zionetik, baina ez publiko, euskal musika sailkatu du. Zu bai, zu ez. Goratzen dituzten euskal taldeek ez dute eszenaren aberastasuna islatzen. Ken Zazpi, Seiren edo Lain bezalakoen pop arina hedatzen dute, eta Esne Beltza, Ze Esatek! nahiz Vendetta gisakoen ska-reggae-rock dantzagarria. Euskal musikaren erreferente faltsu bihurtu dituzte. Formulak, ordea, baditu salbuespenak. Zea Mays genuke horietako bat, edo Hedoi Etxartek estimatzen duen Berri Txarrak, beste bat. Dena dela, Gazteak hausnarketa sakon bat behar du, sortzen duen fenomenoak bertako musika panorama gutxiesten eta kaltetzen duelako.

Ez da bakarra. Bada beste bozgorailu bat urteetan Euskal Herriko musika berotu eta izoztu duena. Gurean sarritan aipatzen ez duguna. Hori ezker abertzalea da. Bada garaia autokritika zintzoa egiteko, nahiz eta Garako iritzia sailean suminduen erantzuna jaso. Ezkerreko mugimendu abertzaleak asko egin du euskal musika suspertu eta indartzearen alde. Zinez, asko. Baina, izaera jakin bateko euskal taldeak bakarrik nabarmendu ditu. Estiloari eta kalitateari gehiegi erreparatu gabe, mugimendu abertzale eta politikoarekin bat egin dutenek jaso dute babesa. Horietako batzuk erreferente izatera iritsi dira merezimendu osoz. Ordea, badira Des-Kontrol edo Hesian bezalako beste batzuk, apartekoak izan gabe bultzatu dituztenak. Hori dela eta, txosnetan entzuten den top-zerrenda betikoa da, egungo talde hautatuekin batera. Antolaturiko kontzertu, festa eta jaialdietan ere betiko talde horiek jotzen dute. Zorionez, abanikoa zabaltzen hasi da.

Izpi txiki-txikiren bat agertuz doa gaurkoan... Aro loriatsua datorrela iragarri dutenez, hotzak berotzeko ahalegina beharrezkoa da. Abesti bakartu eta talde hautatuen fenomenoa gainditzeko komeni da bertako askotariko musika bizi eta babestea.

Entzun! aldizkariaren 61. alean argitaratua (2011).

2011/11/24

HR! 54 | Berri Txarrak, Innerve, Jupiter Jon, Leihotikan, ...


Aberatsa da gure lurraldeko musika eszena, eta horregatik, askotarikoa da nobedade zerrenda. Ez dago estilo mugarik. Ezta gure programan ere. Gaur, 23:00etan, Info Zazpi irratian, Harrobia uhinzinearen ale berri bat entzun ahal izango duzue.

ALE HONETAN: Berri Txarrak "Haria" (hurbileko entzunaldia), Innerve, Jupiter Jon, The Bröntes, Disturbio, Leihotikan (lehen pausoa), Indarrap, Vitesse, Harrika, ...

2011/11/18

HR!Z 006 | Anai Arrebak!


HR!Z 006 | ANAI ARREBAK
Eguna: azaroak 26, larunbata.
Aretoa: Doka Kafe Antzokia.
(Errege zain 20, Antigua – Donostia)
Ordua: 20:30.
Sarrera: 5€.

"Matxetek bere arrebarekin abentura berri batean sartuta dagoela esaten didanean, ez nau batere harritzen. Soberan ezagutzen ditut, ez diru asko uzteko adina, baina nire atentzioa merezi dute dudarik gabe. Merezi duten bi ipurtarin dira, gainera betidanik nahi izan dute musika elkarrekin egin…Bidai sideral honetan Etxarri anaiak dituzte bidailagun: Etxarri Kapitaina eta Manulay Etxarri, taldeko benjamina edo Asier, Maria Luisa Galardiren biloba. The Commander bateria jolea da, tipo on bat nahiz eta bere iragana iluna izan. Horregatik ANAI ARREBAK anaitasun sanjuandar honen disko eta rock musikaren nahasketa, leherketa itzela da, kontuan hartzen baditugu beren gustuak: Beth Ditto, Men, Women and Children, Jackson 5, The Rapture, Parchis, Bee-Gees, Iggy Pop, Justice, !!!, Peaches…Gerturatu zaitez… ausartzen bazara… dantzatzera", Gregorio Galvez (maisua).

Informazio gehiago:
www.anaiarrebak.com

2011/11/17

HR! 53 | Supersweet, Xarma, Eratu, Luppulo, ...


Rock klasikotik gogorrera, eta buelta. Betidanik erritmo pausatu bezain biziak tartekatu izan ditugu, batez ere, nobedadeek horretarako aukera ematen dutelako. Gaur, 23:00etan, Info Zazpi irratian, Harrobia uhinzinearen ale berri bat entzun ahal izango duzue.

ALE HONETAN: Supersweet "The Hereafter" (hurbileko entzunaldia), Xarma, Eratu, Niketz, Yaw, Luppulo (lehen pausoa), The Screamin Targets, Los Steaks, Los Ginkas, The Killministers, ...

2011/11/03

HR! 52 | Napoka Iria, Thee Brandy Hips, Anai Arrebak, ...


Atsegina eta dantzagarria. Oreka lortzeko argitalpen berri eta interesgarriak ditugu, baita esklusibaren bat edo beste. Gaur, 23:00etan, Info Zazpi irratian, Harrobia uhinzinearen ale berri bat entzun ahal izango duzue.

ALE HONETAN: Napoka Iria "Lehertarazi Edifizioak" (hurbileko entzunaldia), Thee Brandy Hips, Anai Arrebak, Muy Fellini, Brand New Sinclairs, The Nekrobabies (lehen pausoa), Brak, Joseba Irazoki, Delorean, ...

2011/10/20

HR! 51 | 5000 Rpm, Inoren Ero Ni, Aldexok, Big Brown Beavers, ...


Euskal Herriko hardcore, punk eta rock eremuan ibiliko gara, nobedade interesgarrienak jaso eta eskaintzeko. Gaur, 23:00etan, Info Zazpi irratian, Harrobia uhinzinearen ale berri bat entzun ahal izango duzue.

ALE HONETAN: 5000 Rpm "Manifesto" (hurbileko entzunaldia), Inoren Ero Ni, Arramazka, Aldexok, Lolas Club, Big Brown Beavers (lehen pausoa), Al Infierno en Goitibera, Stupenda Jones, Electric Riders, ...

2011/10/13

HR! 50 | Itziarren Semeak, Materia Gris, Skatu, Vidrio eta Otxoa, ...


Askotariko saioak gustuko ditugu. Oraingoan, ordea, ska-reggae bandak zein bakarlariak dira protagonista. Gaur, 23:00etan, Info Zazpi irratian, Harrobia uhinzinearen ale berri bat entzun ahal izango duzue.

ALE HONETAN: Itziarren Semeak "Lehen Lerroan" (hurbileko entzunaldia), Materia Gris, Skatu, Deiedra, Bidaia, Vidrio eta Otxoa (lehen pausoa), MobyDick, Markos Untzeta, Estankona, ...

2011/09/08

HARROB!A uhinzinea | Irailaren 15ean itzuliko gara!


Opor garaia igaro ondotik, Euskal Herriko musika taldeek erritmoa bizitzen dute argitalpen berriak aurkezteko. HARROB!A uhinzineak ere gauza bera egingo du lan berri horiek entzuleei eskaintzeko. Datorren irailaren 15ean ekingo diogu denboraldi berriari. Ez da berrikuntza nabarmenik izango, baina astero saio berri bat entzuteko aukera izango duzue. Ostegunero 23:00etan Info Zazpi irratian eta Harrobia Lantzen blogean.

2011/06/20

IZATE | Gure Negu Hotzak


Hotzean ondo kontserbatzen da hiru urteko lana. IZATE taldeak denbora hori behar izan du “Gure Negu Hotzak” bigarren diskoa osatzeko. Presarik gabe, pixkanaka. Sormena lantzearekin batera, entsegu lokala egokitu zuten grabaziorako. Sortu, eraiki eta biribildu; beraien kabuz, ingurukoen laguntza estimatuta. Hotza zena, bero bihurtu da, eta emaitza nahiko heldua da.

Emakumea, euskara eta rocka ezaugarrietatik harago doan diskoa da, “Gure Negu Hotzak”. Hamabi kantuetan sentsazio asko nahasten dira. Apalak zein erritmo bizikoak, goxoak eta une batez, bortitzak ere. Claire abeslariak egiten du IZATE diferente. Ahotsarekin intentsitatea neurtzen du, eta tarteka agerian utzi zeintzuk diren taldearen eraginak. Esaterako, Skunk Anansie, sarritan aitortu izan duten bezala.

Donibane Ziburuko gaztetxean sortu eta ikasiak dira, itxaropena eta indarra pilatu dute azken urteetan eta abestietan, eta nola ez, eskertzeko freskotasunaren jabe dira. Horrela definituko genuke IZATE taldea.


Web | www.izate.net
Myspace | www.myspace.com/izate

2011/06/14

HR!Z 005 | The Riff Truckers + Jon & Sugramas


HR!Z 005 | THE RIFF TRUCKERS + JON & SUGRAMAS
Eguna: ekainak 17, ostirala.
Aretoa: Doka Kafe Antzokia.
(Errege zain 20, Antigua – Donostia)
Ordua: 20:30.
Sarrera: 5€.

Duela sei urte abiatu zen Eako errepidetik, THE RIFF TRUCKERS taldea. Bidaia hasieran rock’n’rolla izan zen beraien iparrorratza, blues zein country musika eta whiskya, albo batera utzi gabe. 50 kontzertu baino gehiago eman eta gero, 2009an “On Route” lehen diskoa kaleratu zuten. Harrera paregabea izan zuen, eta hein batean, horregatik irabazi zuten iaz Bilbo Hiria lehiaketa. Aurten bigarren disko grabatzeko asmoa dute, baina zuzenekoak baztertu gabe.

Jon Gurrutxagaren (Arima Beltza, Uek) proiekturik berriena da JON & SUGRAMAS. Sugearekin lotutako landarean oinarriturik “Sugramas” izenaz bataiatutako bandan Legen Beltza taldeko Ekaitz Garmendia eta Ivan Hernández azpeitiarrak daude, eta Andrakan taldean ere diharduen Andoni Mujika. Gurrutxagak baketak albo batera utzi eta abeslari gisa ari da. Ingelesez eta euskaraz abestutako rocka gustuko dute, baita bluesa ere, baina batez ere 70eko hamarkadako rock taldeen eragin zuzena dute. Izen bereko estreinako lana elektrikoan zein akustikoan eskaintzen ari dira.

Informazio gehiago:
www.therifftruckers.com
www.myspace.com/therifftruckers
www.myspace.com/jonsugramas

2011/05/26

PEACHY JOKE | Asian Tiger Mosquito


Bartzelona paradisu bilakatu da. Askeagoa ere badela diote batzuk. Beste hainbatek egin bezala PEACHY JOKE taldea kataluniako hiriburura joan zen bizitzera. Ordutik bi urtetan bi disko atera dituzte. Martxoan, “Asian Tiger Mosquito” hirugarrena aurkeztu zuten, denbora laburrean ederki landu dutena. Kantu bilduma paregabea da eta rock amerikarraren ezaugarri on guztiak bateratzen ditu. Zuzenerako aproposak, sokak hausten ez badira.

Tolosako bandak musika estimatzen du, eta bistakoa da konposatzea atsegin duela. Letrak, berriz, nahiko sinpleak dira, baina zuzenak. Emakumeak ere gustuko dituztela nabari da. Egia esan, dantzarako eta zuzenean bizitzeko kantuak jaso dituzte “Asian Tiger Mosquito” diskoan. Zuzeneko esentzia Hans Krugerren Montreal estudioetan jasotzen ahalegindu dira, eta hein batean lortu dute. Zinez amerikarra.

Rock arnasa Bartzelonan garatu dute, diskotik diskora izaera indartu eta sormena aberastu, eta erritmo biziz segitzen dute estudioan zein taula gainean. Horrelakoa da PEACHY JOKE taldea.


Myspace | www.myspace.com/peachyjoke

2011/05/01

HR!Z 004 | Cobra + Trumbo


HR!Z 004 | COBRA + TRUMBO
Eguna: maiatzak 6, ostirala.
Tokia: Doka Kafe Antzokia.
(Errege zain 20, Antigua – Donostia)
Ordua: 20:30.
Sarrera: 5€.

Hitzetan zinema eta telesailen eragin garbia dela eta, kritikak "Thriller Rock" bezala izendatutako rock/metal taldea da COBRA. 2006an sortu zen David Gonzalez (baxua; Berri Txarrak) eta Josu Luengoren (gitarra; Evirus69) eskutik. Handik gutxira Haritz Letek (ahotsa; Kokein) eta Ekain Elorzak (bateria; Dinero) osatu zuten taldea. 2007an ateratako "The Strong Arm Of The Rock" lehen diskoak, harrera beroa izan zuen eta hurrengo bi urteak berbera aurkezten aritu ziren. 2011 urte hasieran "Thriller!" (Kaiowas Records) bigarren diskoa plazaratu dute. Energiaz beteriko hamar kanta, non Black Sabbath edo Deep Purple talde klasikoen eta modernoagoak diren Clutch, Soundgarden, Metallica, Down nahiz Mastodonen eragina nabarmena den.

Dalton Trumbo idazlearen omenez, iaz Gasteizen sorturiko hirukoa da TRUMBO. Eskarmentu handiko hiru musikarik osatzen dute proiektu berri honen bizkar hezurra: Gorka (gitarra; Kashbad ohia) Eneko (bateria; Näut) eta Kanda (ahotsa eta gitarra; Vice Presidentes, Neubat). Desertua eta itsasoa, lurra eta zerua, leuna eta latza... kontraste zaleak dira. Bateria ahaltsua, baxu oldarkorra eta gitarra riff hiltzaileak ederki uztartzen dituzte. Helmet, Dut edo Prong bezalako taldeen jarraitzaileak dira. Lehendabiziko diskoa atera berri dute.

Informazio gehiago:
www.myspace.com/marioncobrettirocks
www.myspace.com/trumbotaldea

2011/04/16

COBRA | Thriller!


Serio itzuli dira, eta zuri beltzean, noski. Halabeharrez harturiko etenaldia pasata, COBRA taldeak "Thriller!" bigarren diskoa atera du. David (Berri Txarrak) eta Ekain (Dinero) musikarien lehentasunek, zertxobait moteldu dute hasierako suge indartsuaren erasoa. Oldarkorra eta zuzena izaten segitzen du, baina agian ez horren biribila.

Diskoetxe garrantzitsu baten babesarekin, atsedenaldian utzitako erritmoa berreskuratu nahi dute. Horretarako hamar kantu gordin eta zapaltzaile dituzte. Rock gogorraren eremukoak oinarrian, baina bestelako pasarteekin. Southern, doom, groove, sludge, ... etiketa gehiegi lanean topa daitekeena deskribatzeko. Kolaboratzaileak ere badira, hurbileko pertsonak eta bestelako musika tresnak.

Zuzenekoekin bizitu nahi dute erritmoa. Horretarako, ordezko bateria jotzaile bat hartu dute kontzertu bira behar bezala betetzeko. Lehentasunik gabe. Euskal Herrian abiatu dutena gehiago ere zabaldu nahi dute. Beti ere, rock eta metal doinuekin. Zine beltzaren artearekin. Ziztadekin.


Web | www.cobrarocks.com
Myspace | www.myspace.com/marioncobrettirocks

2011/03/29

HR!Z 003 | Split 77 + Fairlight


HR!Z 003 | SPLIT 77 + FAIRLIGHT
Eguna: apirilak 2, larunbata
Tokia: Doka Kafe Antzokia.
(Errege zain 20, Antigua – Donostia)
Ordua: 20:30.
Sarrera: 5€.

Sei urteko isilunea hausteko bueltatu da SPLIT 77 taldea. Denbora izan dute taldearen izen bereko hirugarren diskoa prestatzeko, eta orain kantu berriak aurkezteko itzuli dira. Bilboko laukoteak "Antenna" eta "Mentura" diskoekin izandako eboluzioa muturrera eraman du. Elektronikak irentsi du rockaren izaera, eta horrela, proposamen deigarria eratu dute. Batetik, alaia eta dantzagarria. Indie-pop familiakoa. Bestetik, sarkorra eta iluna. Post-punk zaporekoa. Zuzenekoetan eroso sentitzen dira, eta ikusleak, are erosoago.

Proiektua zena talde bihurtu da, izen propioarekin. FAIRLIGHT bandak urteak eman ditu esperimentatzen. Musika elektronikoaren aukerak aztertu dituzte, eta bide batez, kantu interesgarriak sortu. Baina Jon Goya eta Carlos Toro konexioak beste pauso bat egiteko beharra ikusi zuen. Horrela, rock talde baten izaera hartuz laukote bezala ari dira. Donostiako Aste Nagusian Delorean taldearekin batera agertu ziren. Hurbildu ziren askok ezusteko ederra hartu zuten. One Fine Day diskoa aterata, kantu berriak ere osatu dituzte zuzenean eskaintzeko.

Informazio gehiago:
www.split77.com
www.myspace.com/experiencefairlight

2011/02/06

SPLIT 77 | Split 77


Hirurogeita hamazazpi edo zazpi zazpi. Oraindik ezin da argi esan nola irakurri behar den talde honen izena. Bakoitzaren arabera izango. SPLIT 77 bandak izen bereko diskoa aurkeztu zuen pasa den urte bukaeran. Izen bera egun direna erakutsi eta aldarrikatzeko; rock elektronikoa jorratzen duen banda.

Hirugarren diskoa prestatzeko denbora neurtu du Bilboko laukoak. Guztira sei urte ederki probestu dituzte kantu berriak sortu eta bateria jotzailea topatzeko. Presarik gabe landuriko lana da, eta hori nabari da. Sintetizadoreekin gehiago jolastu dute. Ikasi. Esperimentatu. Ondorioz, askotariko kantuak sortu dituzte. Alaiak bezain ilunak, elektronikoak bezain indie rock kutsukoak. Popa ere bada, noski.

Zuzenean, ordea, elektrikoak dira. Punk gandorra atera eta bizitasuna irabazten dute. Orain arte eskainitako kontzertuen ondoren esandakoak dira. Beraz, laborategian denboraz erakutsi gabe izan dutena gogoz ari dira jendaurrean aurkezten. Bizkaitarren emanaldi batera gerturatzeko ordua da.


Web | www.split77.com

2011/02/01

GUREANDO!NU 2010


Harrobia Lantzen ekimenak eta Entzun! web atariak elkarlanean osaturiko GUREANDO!NU 2010 urtekari digitala aurkeztu nahi dizuegu. Pasa den urtean plazaratu ziren Euskal Herriko musika argitalpenen zerrenda jasotzearekin batera, musikari loturiko hainbat kazetariren hamar disko esanguratsuenen hautaketak ere irakur daitezke.

Urtekari digitala PDF formatuan eskuratzeko sakatu beheko estekan:
http://www.mediafire.com/?j5vrmxyrgsqrttu

Irakurri, inprimatu, gorde eta zabaldu!

2011/01/15

2010eko 15 disko esanguratsuenak!


Batzuentzat asko izango dira, besteentzat gutxi. Askotik balekoak ugari, edo gutxi. Halere, joan berri den urteak utzi duena ez da hutsala eta nahi duenak, dakienak, eskura du. Euskal Herriko musika faktoriak 300 disko inguru utzi zituen 2010ean. Esanguratsuak asko dira, baina soilik 15 hautatu ditugu...

AMA SAY Ren Fan
ATOM RHUMBA Gargantuan Melee
BIZARDUNAK En Zugzwang
COHEN Subconscious Mind
ESNE BELTZA Noa
FOCUSIN Easy come, Easy go
GOVERNORS Frenetikodrome
JON & SUGRAMAS Jon & Sugramas
LAS CULEBRAS Marvellous
MANTISA Mantisa
PEACHY JOKE Kindergarten's Flight
SARKOR Sentimendu Gabe
SPLIT77 Split77
TXUMA MURUGARREN B Aldeko Kantuak
ZEA MAYS Era