Jarraitu Twitterren! Siguenos en Facebook

2011/06/20

IZATE | Gure Negu Hotzak


Hotzean ondo kontserbatzen da hiru urteko lana. IZATE taldeak denbora hori behar izan du “Gure Negu Hotzak” bigarren diskoa osatzeko. Presarik gabe, pixkanaka. Sormena lantzearekin batera, entsegu lokala egokitu zuten grabaziorako. Sortu, eraiki eta biribildu; beraien kabuz, ingurukoen laguntza estimatuta. Hotza zena, bero bihurtu da, eta emaitza nahiko heldua da.

Emakumea, euskara eta rocka ezaugarrietatik harago doan diskoa da, “Gure Negu Hotzak”. Hamabi kantuetan sentsazio asko nahasten dira. Apalak zein erritmo bizikoak, goxoak eta une batez, bortitzak ere. Claire abeslariak egiten du IZATE diferente. Ahotsarekin intentsitatea neurtzen du, eta tarteka agerian utzi zeintzuk diren taldearen eraginak. Esaterako, Skunk Anansie, sarritan aitortu izan duten bezala.

Donibane Ziburuko gaztetxean sortu eta ikasiak dira, itxaropena eta indarra pilatu dute azken urteetan eta abestietan, eta nola ez, eskertzeko freskotasunaren jabe dira. Horrela definituko genuke IZATE taldea.


Web | www.izate.net
Myspace | www.myspace.com/izate

2011/06/14

HR!Z 005 | The Riff Truckers + Jon & Sugramas


HR!Z 005 | THE RIFF TRUCKERS + JON & SUGRAMAS
Eguna: ekainak 17, ostirala.
Aretoa: Doka Kafe Antzokia.
(Errege zain 20, Antigua – Donostia)
Ordua: 20:30.
Sarrera: 5€.

Duela sei urte abiatu zen Eako errepidetik, THE RIFF TRUCKERS taldea. Bidaia hasieran rock’n’rolla izan zen beraien iparrorratza, blues zein country musika eta whiskya, albo batera utzi gabe. 50 kontzertu baino gehiago eman eta gero, 2009an “On Route” lehen diskoa kaleratu zuten. Harrera paregabea izan zuen, eta hein batean, horregatik irabazi zuten iaz Bilbo Hiria lehiaketa. Aurten bigarren disko grabatzeko asmoa dute, baina zuzenekoak baztertu gabe.

Jon Gurrutxagaren (Arima Beltza, Uek) proiekturik berriena da JON & SUGRAMAS. Sugearekin lotutako landarean oinarriturik “Sugramas” izenaz bataiatutako bandan Legen Beltza taldeko Ekaitz Garmendia eta Ivan Hernández azpeitiarrak daude, eta Andrakan taldean ere diharduen Andoni Mujika. Gurrutxagak baketak albo batera utzi eta abeslari gisa ari da. Ingelesez eta euskaraz abestutako rocka gustuko dute, baita bluesa ere, baina batez ere 70eko hamarkadako rock taldeen eragin zuzena dute. Izen bereko estreinako lana elektrikoan zein akustikoan eskaintzen ari dira.

Informazio gehiago:
www.therifftruckers.com
www.myspace.com/therifftruckers
www.myspace.com/jonsugramas