Willis Drummond, Yelow Page, Mantisa,
Sarkor, Fairlight, Split77, Cobra, Trumbo, The Riff Truckers, Jon &
Sugramas, Anai Arrebak, Napoka Iria, Physis Versus Nomos, Müturbeltz,
Norman, Napoka Band, Layo Raser, Balerdi Balerdi, Giorgio Bassmatti,
Cohen, Yaw, ZaKillers eta Herstura. Ezer baino lehen, mila esker
Harrobia Zuzen / HR!Z kontzertu programan parte hartu duten
talde, musikari eta pertsona guztiei. Dena zor dizuegu. Baita zuri ere
ikusle, musika zale, babesle edo lagun hamabi urratseko zikloa
posible egiteagatik.
Gozoa izan da egitasmoa aurrera
eramatea. Gazia, aldiz, hainbatetan egindako apustua, lana,
konpromisoa eta erantzuna. Baina ezin gara kexatu, helburua bete dugu
eta. Euskal Herriko musika alternatiboa sustatzearekin batera,
Donostiako zuzenekoen eskaintza aberasteko asmoarekin sortu genuen
Harrobia Zuzen kontzertu programa. Gipuzkoako hiriburuan kontzertu
dezente antolatzen diren arren, bertakoek (Euskal Herriko hango zein
hemengo bandek) oso gutxitan izan dute protagonista
izateko aukera. Normalean, jendea erakartzeko amu izaten dira,
kanpoko banda baten telonero. Hori irauli asmoz antolatu ditugu
askotariko hamabi kontzertu, oro har, taldeek eta musika zaleek estimatu
dituztenak. Pozik eta harro gaude, beraz. Ikusi dugu, maiz oso zaila
bada ere, bertako eszena babesteko joera areagotzen ari dela.
Zikloa itxi dugu. Arrazoi
positiboek bultzatu dute Harrobia Zuzen kontzertu programaren etena
eta bukaera. Pixkanaka, Donostia eta inguruetako beste musika eragile
eta antolatzaileek bertako taldeak nabarmentzeko konpromisoa agertu
dute, oreka duin bat lortzea oraindik kostako den arren. Hori dela
eta, gure ekarpenari epemuga iritsi zaio. Bukatu da. Ordea, jakina da
ez garela lausotzen eta makaltzen diren horietakoak, eta noski, ez
dugu baztertzen etorkizun hurbilean kontzerturen bat edo beste
antolatzea.
Mila esker benetan, eta segi gure
eszena babesten. BIZI MUSIKA!