Jarraitu Twitterren! Siguenos en Facebook

2010/05/31

JON & SUGRAMAS | Lehen diskoa!


Jon Gurrutxagaren (Arima Beltza, Uek) proiekturik berriena dugu JON & SUGRAMAS. Egitasmoari forma emateko aspaldiko lagunekin batu da Elgoibarko musikaria. Sugearekin lotutako landarean oinarriturik “Sugramas” izenaz bataiatutako bandan Legen Beltzako Ekaitz Garmendia eta Ivan Hernández azpeitiarrak daude gitarra eta baterian eta Andrakan taldean ere diharduen Andoni Mujika elgoibartarra, berriz, baxuan.

Estraineko diskoa dagoeneko kalean dute: ingelesez eta euskaraz abestutako rocka, bluesa eta 70eko hamarkadako rock taldeen eragin zuzena duena. Hamaika abestiz osatutako lana Aste Santuan grabatu dute Bilboko Koba estudioetan Xanpe teknikariarekin.

Entzun zenbait abesti eta gozatu: www.myspace.com/jonsugramas

2010/05/04

MUNLET | Cañon


Laukote bihurtu eta rock izaera nabarmenagoa hartu ondotik, MUNLET gipuzkoarrak bueltan dira "Cañon" (Gaztelupeko Hotsak) bigarren lan luzearekin. Punk elektronikoaren bidetik joan arren, talde formatuak bestelako nortasuna eman die. Lan interesgarria aurkeztu dute, ezaugarri on asko dituena: edukia, estalki edo diseinua eta segidan ikus daitekeen bideoklip zoragarria. Pablo Fermin artistaren lana bitxia bezain ederra da.



MUNLET | Myspace

2010/02/07

Erreportajea | Berri Txarrak (lehen zatia)


Amestearen ordaina

Mugarik gabeko helmugak etengabe gurutzatzeko prest daude. Bat gainditu orduko beste hiru dituzte eskura, aurrez aurre. Erronka berriak betetzeko gogotsu daude Berri Txarrak taldekoak. Hamabost urte pasa dira dagoeneko Lekunberrin sortu eta hasi zirenetik. Diskotik diskora, urratsez urrats, euren doinuen oihartzuna areagotu dute. Eta egun, azken lau urteetan egindako kilometroak adina jarraitzaile dituzte. Beldurgarria da nafarrek gurean ez ezik, inguruko herrialdeetan ere erdietsi dutena. Transmititzea, berba eta irudia, baina batez ere musika. Batek daki, baina “Payola” (Roadrunner) helmuga berrien giltza izan daiteke.

Musika talde baten zikloa ezin da neurtu. Jaio edo abiatzen den orok izango du akabera, baina nekez jakin daiteke noiz izango den hileta. Bitartean unean unekoa bizi behar da. Gozatu, eta atzera gehiegi begiratu gabe aurrera egin. Berri Txarrak taldeak ez du berehalakoan ahaztuko 2005etik hona bizitakoa. Jaio.Musika.Hil bosgarren lanarekin, amestearen zergatia ulertu zuten.

Azken lau urteetan zituzten amets gehienak egia bihurtu dira. Euskal Herriko euskarazko talde garrantzitsuena izatearekin batera, nazioarteko ateak zabaltzeko aukera probestu dute. “Munduan zehar egindako biran 200 kontzertu baino gehiago eskaini genituen, erdiak baino gehiago atzerrian”, gogoratu du oraindik harrituta Gorka Urbizuk. “Espero ez genuen arren, ‘Jaio.Musika.Hil’ lana gure musika ibilbidearen giltzarri bihurtu da”. Bidaia luze horren laburpena duela bi urte plazaratu zuten Zertarako Amestu dokumentalean jaso zuten. “Argi genuen unean uneko esperientzia hura ez zela betirako izango, eta horregatik grabatzea erabaki genuen”.

Iragan hurbila ahaztu gabe iritsi da Payola, nafarren seigarren diskoa. “Egia esan, lan berri bat plazaratzeko presioa sentitu genuen”, azaldu du Urbizuk. Pasa den urte osoa entsegu lokalean eman zuten lan berria konposatzen, bikote gisa. Mikel “Rubio” baxu jotzailearen agurraren ondoren, Urbizuk eta Aitor Goikoetxeak sormenari denbora eskaini zioten. “Betidanik gure helburua ahalik eta disko onena egitea izan da, kantu onenekin osatutakoa”. Ondoren iritsi zen David Gonzalez kide berria (Evirus 69, Pilt, Cobra, ...), hirukoa sendotze aldera.

Erronka berriak

Ez dira atzera begira zaleak, hala dio Urbizuk. Horregatik ilusio eta asmo berriak dituzte. Beharrezkoa talde gisa hazteko eta ibilbideari segida emateko. Etxekoa horren ondo ezagututa, kanpora begira daude. Ezezagunaren tentazioa.

Izan duzuen oihartzuna ikusita, Euskal Herria txiki geratu al zaizue?
Inolaz ere. Ematen du Roadrunner diskoetxearekin sinatzeak handinahikeriatan murgildu garela, eta ez da horrela. Guretzako gauza normala izan da. Azken hamabost urteetan hemen bakarrik jo izan bagenu jendea erreta egongo zen, eta gu ere. Erronka berriak behar ditugu. Ez dugu gure buruaren parodia izan nahi, eta kantuekin berbena bat egin. Momentuan egiten dugun horretan sinistu behar dugu. Horregatik, argi ikusi genuen gure eremua zabaldu behar genuela. Saiatu behintzat. Eskuak Ukabilak diskoa kaleratu arte ez ginen Euskal Herritik jotzera atera. Katalunian izan genuen lehen esperientzia. Gerora, zabaltzeko aukera izan dugu. Erronka da kanpora iristea baino etxekoa mantenduz, eta zaleei zerbait berria eskainiz.

Zuen inguruko laguntzaile taldeak egin du posible zuen jauzia?
Egia esan, inguruko lan taldea izango ez bagenu beste maila batean geundeke. Lanak eta ilusioak egin du posible lortu duguna. Aurreko lana atera genuenean gure helburua ez zen leku jakin batera iristea. Bere garaian lanpostuak utzi eta saiakera egitea erabaki genuen. Egun ere ez dugu helbururik. Aurrera goazen sentsazioa soilik nahi dugu, eta horrek ematen dizun oxigenoa aprobetxatzea. Dena dela, egia da inguruko hainbat pertsona erabakigarriak izan direla. Bat esatekotan, Pau eta Panda Management aipatuko nituzke. Askotan aldatu dugu musika eragintza, baina eurekin gaude gustura gure filosofiarekin bat egiten dugulako. Gure erokeriak euren erokeriak dira. Horrela, gurean lortutakoa kanpoan inbertitzen saiatzen gara.

Ameriketako Estatu Batuak. Horren urrun eta hurbil. Azken bi lanekin bertara jo duzue. Ed Rose, Steve Albini, ... Zer dela eta?
Onerako edo txarrerako entzuten ditugun talde asko eta asko estatubatuarrak dira. Rocka ezagutu genuen euskal eszenari esker, hasi ginenean, eta asko zor diogu. Baina egun AEBetako taldeak atsegin ditugu. Trikitixa talde bat izango bagina ez genuke Chicagora joko, argi dago. Alabaina, Albini edo Rosengana jotzeak badu bere arrazoia. Jakin nahi genuen pertsona horiek zer egiteko gai ziren gure musikaren. Gure eszenatik kanpokoak eta rock&rollaren historian disko garrantzitsuak egin dituzten pertsonak izanik, emaitza ikusi nahi genuen. Jaiorekin esperimentu txiki bat egin genuen, lan erdia eginda eraman genuelako. Payola diskoarekin, ordea, argi genuen Albinirekin grabatu nahi genuela. Berarekin lan egiteko aproposak ziren.


90eko hamarkada

Hazi ahala hezi, eta alderantziz. “Nerabezaroan entzuten duzun musika horrek eragin eta markatzen zaitu”, uste du Urbizuk. Arrazoia ez zaio falta. Berri Txarrak urteetan edandakoaren isla garbia da. Garapen koherente baten emaitza.

Hasi zinetenetik taldeak eboluzio nabarmena izan du. Estiloa, soinua edo taldekide kopurua aldatu dira. Nola laburbildu izandako garapena?
Ez dugu arkatz bat hartu disko bakoitzean nahi genuena lortzeko. Hori oso zaila da. Denborak, entzundako musikak eta esperientziak ekarri gaitu garenera. Beste talde asko bezala, hasieran Su ta Gar izan nahi genuen. Nahi Ta Nahiez taldetik gentozen Aitor eta biok, eta gure nahia zen orduan musika azkarra eta oldarkorra jotzea. Lehen aldia nuen gitarra bat hartzen nuela. Nire ustez talde baten eraginak lehen, bigarren edo hirugarren diskoan asko nabaritzen dira. Ondoren pixkanaka soinu propioaren bila hasten da taldea. Bestalde hirukote izatera pasa ginenean bitxia izan zen. Lehenago ere hartu genuen sinplifikatzeko joera. Literaturan ere gertatzen da. Idazle batek lehen liburua ateratzen duenean dakien guztia bertan erakusten saiatzen da. Baina hurrengo liburuetan gauzak kentzen, kimatzen doa, eta esentzia bilatzen du.

Laukote izatetik hiruko izatera bada aldea, eta zuengan nabaritu dela uste duzue?
Dutek ere egin zuen, Nirvanak ere... Hirukote izatera pasatzea garrantzitsua izan zen. Badu bere magia. Gainera ez genuen nahita erabaki. Aitorrek taldea uztea erabaki zuenean, berezia izan zen. Beste norbait sartzeak beldurra ematen zigun. Aitor joan zenean disko baten atarian geunden. Badira kantu batzuk gitarra bat gutxiagorekin ere esentzia mantentzen dutenak. Baina, moldaketak egin behar genituela ikusi genuen. Gainera niretzako zaila izan zen abestu eta aldi berean gitarra jotzea. Baina lortu genuen. Orain dugun sentsazioa da hiruko bezala betidanik gabiltzala, kontzienteki izan gabe hori barneratu dugu.

Musikari dagokionez, hiru hamarkadetako eraginak topatu dituzte Payola lanean. Bereziki, ordea, 90eko musikarekin hazi zarete, ezta?
Hala da. Gerora musika zale hutsa gisa erroak nondik datozen ikertzen hasten zara. Baina hobeto ezagutzen ditut Panteraren diskoak Black Sabbathenak baino. 1991n 14 urte nituen eta badakit urte hartan eta hurrengoetan entzun nituen diskoak direla nire eraginak. Megadeth edo Metallica ditut gogoan. Nik ez nuen anai zaharrik eta Lekunberrin ez zegoen rock zaletasunik. Are gutxiago euskalduna bazen. Euskal taldeak Eh Sukarra eta Su Ta Gar gisakoen ezagutu genituen. Eta gero iritsi ziren Pantera, Nirvana, Rage Against The Machine, Weezer eta besteak. Gaur egungo musikari gazteek egungo musikaren eragina izango dute, gerora joko dute erro zaharretara (...).

Entzun! aldizkariaren 59. alean argitaratua (2009).

2010/01/19

Iruzkina | Krilin - When the time comes...



KRILIN - When the time comes there will be no time
(Auto-ekoizpena, 2009)


Gakoa hori omen da. Diferente bezain alternatibo izan behar da zer esana emateko. Diferente zure inguruari erreparatuz. Diferente zerbait ezberdina bilatzen duten kritikari edo musika zale horiek asetzeko. Euskal Herrian fenomeno diferente dira Delorean, We Are Standard edo Audience. Proposamen ez horren ohikoak gurean, arruntagoak mugen bestaldean. Donostia eta inguruetako Krilin talde gaztea ere diferente gisa onartu daiteke. Donostia alternatiboaren harrobi ederretik ateratako Adrenalized, Curasan edo Thee Brandy Hips taldeen belaunaldikoak dira. Entsegu lokalean eraiki eta desegin dute taldea.

Hasieran Kaliforniatik erraz iritsi zen hardcore melodikoa jorratzen zuten. Millencolin edo Blink 182 idoloen tankerakoa. Baina, musika janez eraginak zabaldu eta berezko nortasunaren bila abiatu ziren. Neurri batean, lortu dute. “When the time comes there will be no time” estreinako lanak baditu diferente izateko ezaugarriak. Taldearen izena berdina da, baina diferente. Musikariak ere, eta diferente.

Euren proposamena kimatzen ari dira, eta lehen urratsa zinez deigarria da. Diskoa taldea bezain irekia da. Amorrua melodiarekin apaltzen dute, eta gitarra akustikoa riffen maila berean kokatzen da. “Elemental” lehen kantuak laukotearen oinarria deskribatzen du, hurrengo bederatzi abestietan mantenduko dena. Entzuteko errazagoak diren ereserki laburrak badira (“Intoxication” eta “Coffee & Ants” zoragarriak), luzeago zein aberatsago direnak ere (“Body Exchange”, “Why Hesitate” eta “Some Like It Hot”), eta lasai bezain gozo direnak, “Brave Stroke” kasu. Imajinatzen hasita The Mars Volta, Deftones eta Muse taldeen arteko fusiotik gertu daude Krilin taldekoak. Konposizio interesgarriekin batera soinua paregabea da, bereziki Txosse eta Santi Garcia ekoizle ezagunen lan onari esker. Finean, joan berri den urteko harribitxietako bat da gipuzkoarren aurreneko lana. Hemendik aurrera, denbora alde du laukoak eta gakoa ondo aprobetxatzea da.

2010/01/13

Erreportajea | Audience


Hamar

Urteen esperientzia, nortasuna. Audience bizkaitarrek barealdi garaia bizi dute, baina ez daude bare. Hamar urteko ibilbidean euren musika ezagutzeko hainbat pista eman dituzte. Rock oinarria, blues zein countrya, eta esperimentatzeko nahia. Musika tresna berriak ezagutu, trebatu eta lan batetik bestera gehitu dituzte. “A Shake In Calm Water” (Bidehuts 2009) laugarren diskoarekin aurrera begirako eten bat egin nahi dute. Nortasuna, urteen esperientzia.

Isolamenduaren bila Gernika utzi eta Andoaingo Garaten hartu zuten ostatu Audience taldekoek, pasa den apirilean. Familia handiak bezala, maleta eta musika tresnekin iritsi ziren Kaki Arkarazok zuzentzen duen ostatura. Ordura arte ez bezala, bost musikariek batera hamar eguneko egonaldia egin zuten Garaten, Egoitz manager eta sukaldariarekin batera. Hamar egun horietan grabatu zuten “A Shake In Calm Water” (Bidehuts) laugarren diskoa.

Hamarkadetan atzera egin zuten garai bateko bat batekotasun klasikoaren bila. Izan ere, bizkaitarrek zuzenean eta elkarrekin grabatu zituzten lan berriko hamar kantuak, ostatuaren goiko solairuan. Bitartean, Arkarazok taldearen laginak zinta zabalean jaso zituen, gerora era analogikoan nahasteko. Abestien erditze naturala lortzeko isolatu ziren, diskoak berezko izaera har zezan.

Grabaketa burutu eta ia bi hilabetera itzuli ziren Garate ostatura. Hamar egun horietan bizitako esperientzia ahaztu gabe nahasketen garaia iritsi zen. Esperientzia hura antolatu eta atontzeko unea. Ekainaren bukaera aldean bat egin genuen Audience taldeko Ager eta Gaizka Insunza anaiekin, Andoaingo mendi artean. Urduri eta bare zeuden. Ondo grabatutakoa ondo nahasteko xedea baino ez zuten, eta hortxe ikusi genituen Arkarazorekin batera lanketa analogikoa egiten. Fader bat gorago, beste bat beherago. Oreka bilatuta zinta zabalak dena erregistratzen zuen, horrela, kantu berri bat sortzeko.

Barealdia eraikitzeko unea

Laugarren pausoaren abentura 2008ko abenduan hasi ziren biribiltzen. “Bost musikariek bat egiteko aukera izan genuen gabonetan, eta aurre grabaketa moduko bat egin genuen Mikel eta Igor Eceiza anaien estudioan” azaldu du Gaizkak. Nolanahi ere, “A Shake In Calm Water” diskoaren prestaketa lehenagotik hasi zen, Agerren arabera. “Aurreko diskoa bukatu ondoren hasi ginen berria prestatzen. Lan honetan badira zuzenean eskaini ditugun abestiak. White Man, esaterako”. Bereziki bi fase nabarmendu ditu. “Diskoari bultzada bat emateko grabatu genituen abestiak, hori izan zen lehen fasea. Bigarrena pasa den urte bukaeratik gaur egun artekoa da. Ordutik buru belarri aritu gara lanean, ahalik eta lan duinena osatzeko”. Aldi berean, lan berrian erabili nahi zituzten musika tresnak probatzeko aukera paregabea izan zela aitortu dute biek.

Nolanahi ere, azken urteetan kantuak konposatzeko modu bitxia izan du Audiencek. Agerrek lau bat urte eman ditu Estokolmon bizitzen (Suedia), eta horrela, ez zuten elkartzeko aukerarik. “Bateria, baxua eta gitarra landu genituen Ager etorri arte. Bera oso musikari teknikoa da eta egun gutxitan kantuei forma emateko aukera izan genuen” dio Gaizkak. Musikari onak izatearen abantaila. “Argitu nahi nuke kantuak ez ditugula lokalean sortzen. Normalean musikari batek ideia eramaten du eta ondoren bueltak ematen hasten gara”. Dagoeneko hamar urte daramatzate talde gisa, eta ezagutzen dute bakoitzaren kantuak sortzeko era.

Mendi arteko ostatua

“Guk gure grabaziotan bi oinarri jarraitzen ditugu grabazioa ahalik eta naturalena izan dadin: taldeak zuzenean jo eta grabatzea, eta grabaketa hori analogikoan izatea”, argitu du Gaizkak. Baldintza horiek asetzeko leku aproposena Andoaingo mendi tartean aurkitu zuten, Garate estudioetan. “Kaki Arkarazok grabatu dituen diskoak gustatzen zaizkigu. Eta berak duen esperientzia ikusita erakargarria zen berarekin lan egitea”. Manta Ray edo Atom Rhumba taldeek baserri ezkutuan lortutako soinua atsegin dute Insunza anaiek, eta argi zuten laugarren diskoa bertan grabatu nahi zutela. “Aurreko diskoa formatu digitalean egin dugun bakarra da. Oraingoan, ordea, analogikoan egin nahi genuen. Nik uste dut disko hau dela grabaketa prozesuari dagokionez ardura gehien eman dioguna”, gaineratu du Agerrek.

Egutegiko hamar egun hautatu eta Garatera joan ziren bizitzera. Gaizkak egun horietan egindakoa irribarre batekin gogoratu du: “Kaki egunero etortzen zen goizeko bederatzi eta erdietan ogia eta croissant batzuekin, eta hala guztiok batera gosaltzen genuen. Ondoren hamarretatik eguerdiko ordubiak arte lehen grabaketa sesioa egiten genuen. Egoitzek prestatutako bazkari perfektua bukatu ondotik, Teleberria pixka bat ikusi eta arratsaldeko lauretatik zortzietara bigarren sesioa egiten genuen”. Dena dela, paseatzeko eta deskonektatzeko astia ere izan zuen musikari bakoitzak egun horietan.

Bizkaitarrek zuzenean lortzen duten soinua diskora eramateko asmo argia zuten. “Zuzenean egiten baduzu esentzia hori badago, freskotasuna. Nik uste dut naturaltasun horren aurka ezin dela ezer esan. Gainera zuzenean grabatu eta nahastu dugu diskoa”, adierazi du Gaizkak. Izan ere, “musika tresnak bakarka jo eta grabatzea oso hotza da”. Musikariak elkarri begira zuzenean grabatzen ari direnean “sentsazio berriak” eta “une errepikaezinak” sortzen direla uste du. “Bat bateko sormen hori erregistratua geratzen da”. Esperientzia oso aberatsa izan dela gaineratu du Gaizkak. “Lehenago akats txikiei garrantzia gehiegi ematen genien, eta orain ikusi dugu xehetasunei garrantzia eman beharrean abestiaren dinamikaren alde egiten”. Konplexuak atzean utzi dituzte.

Pedalak dituen gitarra

Garatera bizikletaz iristeko indarra behar da aldapa gora pedalei eragiteko. Pedal steel gitarra jotzeko, ordea, indarra baino trebakuntza eta pazientzia behar da. “Lehenengo aldiz jotzen duzunean konturatzen zara infernu hutsa dela, baina pixkanaka ikasten zoaz”. Duela hiru bat urte erosi zuen Agerrek eserita eta pedalen laguntzarekin jotzen den hamar sokako gitarra bitxia. Ordutik ikasten eta hobetzen aritu da, eta azkenik laugarren diskoan sartu dute. “Gure taldean eta euskal musikan berrikuntza dela uste dut. Kakik esan dit grabatu izan duela pedal steel guitarra noizbait. Nik ez dut euskal diskorik ezagutzen musika tresna hau ageri dena”. Betidanik gustatu izan zaio duen soinu berezia, eta horrela deskribatu du: “disonantzia gustagarria”. Batik bat, country edo Hawaiiko musikan erabiltzen da pedal steel gitarra, baina rockarekin ere uztartu daitekeela erakutsi nahi izan dute Audience taldekoek. “Ziur nago jendeak diskoa entzutean, laster pedal steel gitarra beste euskal disko batean entzungo dugula”, esan du Agerrek.

Armonika da laugarren lanaren beste berritasuna. “Orain arte ez dugu inoiz erabili eta disko honetan bi abestitan sartu dugu. Gainera batean Agerrek jo du eta bestean Mikel bateria jotzaileak”, dio Gaizkak. Horrez gain, pixkanaka euren proposamenean barneratu dituzten instrumentuek garrantzia berezia dute diskoan. Hala nola, saxoak, biolinak, perkusioak eta pianoak. “Benetako piano batekin grabatu dugu eta oso gustura gaude lortutako soinuarekin”. Erabilitako tresnen “adina” ere ezin da aipatu gabe utzi. 50ko hamarkadako Harmony edo Telecaster gitarra elektrikoak erabili dituzte, edo 30eko hamarkadako Gibson L48 gitarra akustikoa eta XIX. mende bukaerako biolina.

Collage modukoa

Bizkaitarren arabera, diskoaren azalak “oso ondo” deskribatzen du edukia. “Argazkiz osatutako collage modukoa da. Inoiz baino gehiago zabaldu dira abestien estiloak eta soinu erregistroek kolore berriak dituzte. Abestiak bilutsik ageri dira, eta emaitza gordina da, nolabait ausarta”. Guztira hamar kantu ditu lanak, eta orain arteko zuzenenak direla nabarmendu du Agerrek. “Lehen bi diskoetan abestiak asko konplikatzen genituen. Zubi luzeak, egitura oso zailak, alde batetik bestera. Oraingoan, ordea, kantuen kontzeptua lantzen ikasi dugu”. Instrumentalak dira horren eredu. “Beste diskoetako kantu instrumentalak oso nahasiak eta esperimentalak ziren. Lan honetan, ordea, erritmoduna eta bizia da grabatu duguna”.

Abestiak janzteko, berriz, ingelesa da taldearen hizkuntza baina euskarari orain arteko leku zabalena ere eskaini diote. “Kanta bat euskara hutsean da, eta beste bat ingelesarekin nahastu dugu”. Estiloekin antzeko gauza gertatzen da. Betidanik makina bat estilo nahasteko joera izan dute bizkaitarrek. Esperimentazioak ez du etenik. “Hala ere, rock musika da gure proposamena ondoen definitzen duena”. Blues, country edota jazz esentzia ere badu diskoak. “Eta ez hori bakarrik, tango kutsuko kantu bat ere badago”, gogoratu du Gaizkak. Kantuen letrek ere garrantzia dute. “Gehienbat musikari bezala sentitzen duguna islatzen dugu abestietan. Horrela abestiak bizitza izaten du jotzerakoan. Beste gaiak ere badira, noski: maitasuna, lagunak eta abar”, adierazi du Gaizkak.

Mugarria

Dagoeneko hamar urte igaro dira taldea martxan jarri zutenetik. Bidean geratu dira, hasierako maketa, lan laburra eta lau disko. Orain Audiencek jauzia eman nahi du, asmo berri horiek bete nahi ditu. “Gaur egun talde gutxik betetzen dituzte hamar urte. Arrakasta, beraz, aurrera jarraitzea da, eta ez diskoak saltzea”, dio Gaizkak. “A Shake In Calm Water” diskoarekin profesionaltasunari buelta bat eman nahi diotela gaineratu du Agerrek. “Jauzia eman nahi dugu. Egiten duguna sinisten dugu eta nahi genuke lan berria taldearentzat mugarri izatea”. Horretarako dena ondo zaindu dute. Grabaziotik hasita argitalpeneraino. Bidehuts familiaren babesarekin lana binilo eta disko formatuan kaleratu dute. “Proiektuaren filosofia ikusita biniloan ateratzea ezinbestekoa zen. Gainera, taldekideok formatu bietan erosten ditugu diskoak. Eztabaida handiak izango ditugu soinu onena zein formatuk duen erabakitzeko”.

Kontzertuak ere eskaini nahi dituzte. Etxean, zein etxetik kanpo. Euren musika egonkortzen den leku horietan guztietan. Eurentzako eta eurak entzutera hurbiltzen direnentzako. Gustura daude orain arte lortutakoarekin, eta bide beretik segitu nahi dute aurrerantzean ere. Hamar urte. Hamar egun. Hamar soka. Hamar kantu. Hamaika asmo.


Entzun! aldizkariaren 59. alean argitaratua (2009).

---

Diskografia:
- Maketa, Audience (1999)
- Demo, Gag a Day (2000)
- EP, Nashville Shirts (2001)
- CD, Some Lovely Hands On Dry Skins (Primeros Pasitos 2001)
- CD, Second Handes (Noizpop 2003)
- CD, Trying Wings On Roots (Noizpop 2007)
- CD, A Shake In Calm Water (Bidehuts 2009)

Taldekideak:
Hannot Mintegia (ahotsa, gitarra eta tronpeta), Gaizka Insunza (ahotsa, gitarra, saxoa eta pianoa), Ager Insunza (ahotsa, biolina, pedal steel gitarra, gitarra eta pianoa), Andoni Lauzirika (baxua) eta Mikel Sagarna (bateria).

Sarean:

2010/01/12

2009ko argitalpen esanguratsuenak!

Emankorra, oparoa eta aberatsa izan da 2009. urtea. Argitalpen zerrenda luzea bezain anitza da. Guztira 270 ale baino gehiago plazaratu dira. Hala diskoetxe nola auto-ekoizpenaren bidez Euskal Herriko musika taldeek euren lanak aurkeztu dituzte CD, LP, kasete nahiz modu digitalean. Gaur egun gure eszenak bizi duen osasun apartaren isla da iragan urteak emandakoa.


30 argitalpen esanguratsuenak:

ANARI 'Irla Izan'
ANGER 'Sedukzioaz'
AUDIENCE 'A Shake In Calm Water"
BERRI TXARRAK 'Payola'
BIOK 'Gaur Ez Da Dena Grisa'
DARKNESS BY OATH 'Fear Yourself'
DELOREAN 'Ayrton Senna'
ELBERETH 'Arimak Pizturik Dirau'
FRIDAYS CREW 'Fridays Crew'
GOSE '3'
GRISES 'Grises'
INOREN ERO NI 'Fosbury'
JOSEBA IRAZOKI 'Euria Ari Du'
KALEGINEZ 'Bueltarik Gabe'
KEROBIA 'Papera Eta Kartoia'
KRILIN 'When The Time Comes There Will Be No Time'
LOAN 'Hontziria'
MURSEGO 'Bat'
NEALLTA FOLA 'Iraultza'
NORMAN 'Norman'
PIZTIAK 'Gabeko Kalapitxixak'
R 'Uneak'
SEXTY SEXERS 'Hero Mantra'
THE DIRTY PINK LADIES 'Sunrise Orchestra'
THE HOT DOGS 'Nothing But A Bad Day'
THEE BRANDY HIPS 'We Are Love'
UKBILL 'Paradisu Sekretua'
XABALTX 'Cymeus'
XABI SAN SEBASTIAN 'Ospela'
WILLIS DRUMMOND 'Willis Drummond'

Urteko taldea eta zuzeneko onena:

WILLIS DRUMMOND (Argazkia: Jon Iraundegi)