Jarraitu Twitterren! Siguenos en Facebook

2011/05/26

PEACHY JOKE | Asian Tiger Mosquito


Bartzelona paradisu bilakatu da. Askeagoa ere badela diote batzuk. Beste hainbatek egin bezala PEACHY JOKE taldea kataluniako hiriburura joan zen bizitzera. Ordutik bi urtetan bi disko atera dituzte. Martxoan, “Asian Tiger Mosquito” hirugarrena aurkeztu zuten, denbora laburrean ederki landu dutena. Kantu bilduma paregabea da eta rock amerikarraren ezaugarri on guztiak bateratzen ditu. Zuzenerako aproposak, sokak hausten ez badira.

Tolosako bandak musika estimatzen du, eta bistakoa da konposatzea atsegin duela. Letrak, berriz, nahiko sinpleak dira, baina zuzenak. Emakumeak ere gustuko dituztela nabari da. Egia esan, dantzarako eta zuzenean bizitzeko kantuak jaso dituzte “Asian Tiger Mosquito” diskoan. Zuzeneko esentzia Hans Krugerren Montreal estudioetan jasotzen ahalegindu dira, eta hein batean lortu dute. Zinez amerikarra.

Rock arnasa Bartzelonan garatu dute, diskotik diskora izaera indartu eta sormena aberastu, eta erritmo biziz segitzen dute estudioan zein taula gainean. Horrelakoa da PEACHY JOKE taldea.


Myspace | www.myspace.com/peachyjoke

2011/05/01

HR!Z 004 | Cobra + Trumbo


HR!Z 004 | COBRA + TRUMBO
Eguna: maiatzak 6, ostirala.
Tokia: Doka Kafe Antzokia.
(Errege zain 20, Antigua – Donostia)
Ordua: 20:30.
Sarrera: 5€.

Hitzetan zinema eta telesailen eragin garbia dela eta, kritikak "Thriller Rock" bezala izendatutako rock/metal taldea da COBRA. 2006an sortu zen David Gonzalez (baxua; Berri Txarrak) eta Josu Luengoren (gitarra; Evirus69) eskutik. Handik gutxira Haritz Letek (ahotsa; Kokein) eta Ekain Elorzak (bateria; Dinero) osatu zuten taldea. 2007an ateratako "The Strong Arm Of The Rock" lehen diskoak, harrera beroa izan zuen eta hurrengo bi urteak berbera aurkezten aritu ziren. 2011 urte hasieran "Thriller!" (Kaiowas Records) bigarren diskoa plazaratu dute. Energiaz beteriko hamar kanta, non Black Sabbath edo Deep Purple talde klasikoen eta modernoagoak diren Clutch, Soundgarden, Metallica, Down nahiz Mastodonen eragina nabarmena den.

Dalton Trumbo idazlearen omenez, iaz Gasteizen sorturiko hirukoa da TRUMBO. Eskarmentu handiko hiru musikarik osatzen dute proiektu berri honen bizkar hezurra: Gorka (gitarra; Kashbad ohia) Eneko (bateria; Näut) eta Kanda (ahotsa eta gitarra; Vice Presidentes, Neubat). Desertua eta itsasoa, lurra eta zerua, leuna eta latza... kontraste zaleak dira. Bateria ahaltsua, baxu oldarkorra eta gitarra riff hiltzaileak ederki uztartzen dituzte. Helmet, Dut edo Prong bezalako taldeen jarraitzaileak dira. Lehendabiziko diskoa atera berri dute.

Informazio gehiago:
www.myspace.com/marioncobrettirocks
www.myspace.com/trumbotaldea