Jarraitu Twitterren! Siguenos en Facebook

2013/04/20

HR!Z | Gozotik gehiago

Willis Drummond, Yelow Page, Mantisa, Sarkor, Fairlight, Split77, Cobra, Trumbo, The Riff Truckers, Jon & Sugramas, Anai Arrebak, Napoka Iria, Physis Versus Nomos, Müturbeltz, Norman, Napoka Band, Layo Raser, Balerdi Balerdi, Giorgio Bassmatti, Cohen, Yaw, ZaKillers eta Herstura. Ezer baino lehen, mila esker Harrobia Zuzen / HR!Z kontzertu programan parte hartu duten talde, musikari eta pertsona guztiei. Dena zor dizuegu. Baita zuri ere ikusle, musika zale, babesle edo lagun hamabi urratseko zikloa posible egiteagatik.

Gozoa izan da egitasmoa aurrera eramatea. Gazia, aldiz, hainbatetan egindako apustua, lana, konpromisoa eta erantzuna. Baina ezin gara kexatu, helburua bete dugu eta. Euskal Herriko musika alternatiboa sustatzearekin batera, Donostiako zuzenekoen eskaintza aberasteko asmoarekin sortu genuen Harrobia Zuzen kontzertu programa. Gipuzkoako hiriburuan kontzertu dezente antolatzen diren arren, bertakoek (Euskal Herriko hango zein hemengo bandek) oso gutxitan izan dute protagonista izateko aukera. Normalean, jendea erakartzeko amu izaten dira, kanpoko banda baten telonero. Hori irauli asmoz antolatu ditugu askotariko hamabi kontzertu, oro har, taldeek eta musika zaleek estimatu dituztenak. Pozik eta harro gaude, beraz. Ikusi dugu, maiz oso zaila bada ere, bertako eszena babesteko joera areagotzen ari dela.

Zikloa itxi dugu. Arrazoi positiboek bultzatu dute Harrobia Zuzen kontzertu programaren etena eta bukaera. Pixkanaka, Donostia eta inguruetako beste musika eragile eta antolatzaileek bertako taldeak nabarmentzeko konpromisoa agertu dute, oreka duin bat lortzea oraindik kostako den arren. Hori dela eta, gure ekarpenari epemuga iritsi zaio. Bukatu da. Ordea, jakina da ez garela lausotzen eta makaltzen diren horietakoak, eta noski, ez dugu baztertzen etorkizun hurbilean kontzerturen bat edo beste antolatzea.

Mila esker benetan, eta segi gure eszena babesten. BIZI MUSIKA!

2013/04/18

HR! 80 | ZaKillers, EH Sukarra, Sermonds, Fetitxe, ...


Musikarik gabe ez ezik, rock'n'rollik ezingo ginateke bizi. Batzuk ez, bederen. Distortsioek arnas berritzen dute eszena, bizitzen dute behar denean, eta dantzarako beste joera bat sortzen dute. Baina bai, nahi duenak baino ez du gozatzen. Modu paraleloan, eskarmentuz edo bestela badira gurean talde ugari rockaren sustraiari lotuak. Noski, argitaratzen diren makina bat nobedade dira horren ere. Gaur 23:00etan, horietako hainbat entzuteko aukera izango dugu.

ALE HONETAN: ZaKillers "Hyena" (hurbileko entzunaldia), EH Sukarra, Sermonds, Las Culebras, Norman, Fetitxe (lehen pausoa), Hil Aiari, Kaotiko, No Komply, ...

2013/04/11

HR!Z 012 | ZaKillers! + Herstura


HR!Z 012 | ZAKILLERS + HERSTURA
Eguna: apirilak 19, ostirala.
Aretoa: Doka Kafe Antzokia.
(Errege zain 20, Antigua – Donostia)
Ordua: 21:00.
Sarrera: 5€.

ZAKILLERS. SextySexers taldearen anaia txiki, bihurri eta kaskagorra dira. Xiker, Julen eta Inaxioren hirukoa Mikelek osatu zuen, garai zaharretara eginez orainean. “Hyena” diskoa aurkezteko baliatuko dute hitzordua, eta argi ibili, kontzertu gutxi eskainiko dituzte eta. Are you ready?

HERSTURA. Diferenteak dira beraien inguruari begiratuta. Bestelako doinuak gustuko ditu laukote gazteak. Esperimentatzearen ondorio da iaz plazaratu zuten lehendabiziko lehen laburra, baina sakona. Dut eta Lisabö gisakoen hurbilekoak izanda, arreta merezi dute.

Informazio gehiago:
zakillers.bandcamp.com
herstura.bandcamp.com