2016/03/10

GUREANDO!NU 2015


Harrobia Lantzen ekimenak eta Entzun! web atariak elkarlanean osaturiko GUREANDO!NU 2015 urtekari digitala aurkeztu nahi dizuegu. Pasa den urtean plazaratu ziren Euskal Herriko musika argitalpenen zerrenda jasotzearekin batera, uzta beraren analisi orokorra egin dugu.

Urtekari digitala PDF formatuan eskuratzeko sakatu beheko estekan:
http://www.entzun.com/download/102

Informazio gehiago:
http://www.entzun.com/berriak/320tik-gora-disko-fisiko-zein-digital-argitaratu-ziren-iaz-euskal-herrian

2015/03/10

GUREANDO!NU 2014


Harrobia Lantzen ekimenak eta Entzun! web atariak elkarlanean osaturiko GUREANDO!NU 2014 urtekari digitala aurkeztu nahi dizuegu. Pasa den urtean plazaratu ziren Euskal Herriko musika argitalpenen zerrenda jasotzearekin batera, uzta beraren analisi orokorra egin dugu.
Urtekari digitala PDF formatuan eskuratzeko sakatu beheko estekan:
www.entzun.com/download/100

Informazio gehiago:
www.entzun.com/berriak/300dik-gora-disko-argitaratu-ziren-iaz-euskal-herrian-eta-erdia-euskaldunak-izan-ziren

2014/02/13

GUREANDO!NU 2013


Harrobia Lantzen ekimenak eta Entzun! web atariak elkarlanean osaturiko GUREANDO!NU 2013 urtekari digitala aurkeztu nahi dizuegu. Pasa den urtean plazaratu ziren Euskal Herriko musika argitalpenen zerrenda jasotzearekin batera, musikari loturiko bost kazetariren iazko disko estimatua irakurri ahal izango duzue.

Urtekari digitala PDF formatuan eskuratzeko sakatu beheko estekan:
http://www.entzun.com/download/94

Informazio gehiago:
www.entzun.com/berriak/290-disko-inguru-argitaratu-ziren-iaz-euskal-herrian-eta-erdia-baino-gehiago-autoekoizpenak-izan-ziren

Eskuratu eta irakurri!

2013/09/02

Doinu-etena

Ez da bukatu, baina baretu da. Doinu-etena iragarri nahi dugu. Harrobia Lantzen musika ekimenak atsedena hartuko du denbora batez. Harrobia Zuzen kontzertu programaren zikloa itxi bagenuen, orain Harrobia uhinzinearen behin behineko geldiunea iragarri nahi dugu. Alegia, hasi berri den denboraldian ez da irrati programa berririk egongo. Erabakia erraza izan ez bada ere, denborak bere muga du, eta programak merezi duen denbora ezin diogu eman. Ordea, Gureandoinu urtekaria osatzen segiko dugu, orain arte bezala Euskal Herriko musikagintza hurbiletik jarraituko dugulako. Mila esker, bertakoa babesten jarraitu mesedez eta laster arte!

2013/06/27

HR! 82 | MobyDick, Audience, We Are Standard, Kometa, ...


Atsedenik ez du Euskal Herriko musika eszenak, ezta behar ere. Harrobia saioak, ordea, merezitako oporrak hartuko ditu denbora batez. Baina lasai, bertako argitalpenak hurbiletik segiko ditugu. Hilabetez hilabete, estiloz estilo, edozein dela hizkuntza eta formatua. Tarteka nabarmenduko dugu bat edo beste, baina ez da irrati zein Internet uhin bidez izango. Indarberrituta itzuliko gara, horrelako batean. Bitartean, denboraldiko azken saioa nabarmenduko dugu. Nahiko lasaia, folk rock kutsukoa, eta hein batean amerikarra.  

ALE HONETAN: MobyDick "Cotard Delusion" (hurbileko entzunaldia), Audience, We Are Standard, Kometa, The Icer Company, Inserta, Mutürbeltz, EH Sukarra, ...

2013/05/02

Bizi Musika | Euskarazko bideoklipen tartea


Euskarazko bideoklipek merezi duten tartea izango dute telebistan. Hain zuzen ere, Hamaika Telebistak BIZI MUSIKA izeneko saioa jarri du martxan, eta astelehenetik ostiralera euskal taldeen askotariko bideoak eskainiko dituzte 16:30etik aurrera. Tartearen izenak badu harremanik Harrobia Lantzen musika ekimenarekin, egituraketan eta artxiboa elikatzeko lanetan lagundu dugulako.

Telebistako arduradunek jakinarazi dutenez, bideoklipa da egun talde askorentzat promozio bide eraginkorrenetakoa. Horrela, azken urteetan taldeek lan berri bat argitaratu orduko abesti batekin edo hainbatekin bideoa osatzen dute. Asko dira gurean egin diren bideoklipak. Horien bilduma egokia egin eta eskaintzea da Bizi Musika tartearen helburua.

Astelehenetik ostiralera, 16:30etik aurrera, Hamaika Telebistan ikusi ahal izango da (LTD, Euskaltel zein Internet bidez).

2013/04/20

HR!Z | Gozotik gehiago

Willis Drummond, Yelow Page, Mantisa, Sarkor, Fairlight, Split77, Cobra, Trumbo, The Riff Truckers, Jon & Sugramas, Anai Arrebak, Napoka Iria, Physis Versus Nomos, Müturbeltz, Norman, Napoka Band, Layo Raser, Balerdi Balerdi, Giorgio Bassmatti, Cohen, Yaw, ZaKillers eta Herstura. Ezer baino lehen, mila esker Harrobia Zuzen / HR!Z kontzertu programan parte hartu duten talde, musikari eta pertsona guztiei. Dena zor dizuegu. Baita zuri ere ikusle, musika zale, babesle edo lagun hamabi urratseko zikloa posible egiteagatik.

Gozoa izan da egitasmoa aurrera eramatea. Gazia, aldiz, hainbatetan egindako apustua, lana, konpromisoa eta erantzuna. Baina ezin gara kexatu, helburua bete dugu eta. Euskal Herriko musika alternatiboa sustatzearekin batera, Donostiako zuzenekoen eskaintza aberasteko asmoarekin sortu genuen Harrobia Zuzen kontzertu programa. Gipuzkoako hiriburuan kontzertu dezente antolatzen diren arren, bertakoek (Euskal Herriko hango zein hemengo bandek) oso gutxitan izan dute protagonista izateko aukera. Normalean, jendea erakartzeko amu izaten dira, kanpoko banda baten telonero. Hori irauli asmoz antolatu ditugu askotariko hamabi kontzertu, oro har, taldeek eta musika zaleek estimatu dituztenak. Pozik eta harro gaude, beraz. Ikusi dugu, maiz oso zaila bada ere, bertako eszena babesteko joera areagotzen ari dela.

Zikloa itxi dugu. Arrazoi positiboek bultzatu dute Harrobia Zuzen kontzertu programaren etena eta bukaera. Pixkanaka, Donostia eta inguruetako beste musika eragile eta antolatzaileek bertako taldeak nabarmentzeko konpromisoa agertu dute, oreka duin bat lortzea oraindik kostako den arren. Hori dela eta, gure ekarpenari epemuga iritsi zaio. Bukatu da. Ordea, jakina da ez garela lausotzen eta makaltzen diren horietakoak, eta noski, ez dugu baztertzen etorkizun hurbilean kontzerturen bat edo beste antolatzea.

Mila esker benetan, eta segi gure eszena babesten. BIZI MUSIKA!