Jarraitu Twitterren! Siguenos en Facebook

2013/04/20

HR!Z | Gozotik gehiago

Willis Drummond, Yelow Page, Mantisa, Sarkor, Fairlight, Split77, Cobra, Trumbo, The Riff Truckers, Jon & Sugramas, Anai Arrebak, Napoka Iria, Physis Versus Nomos, Müturbeltz, Norman, Napoka Band, Layo Raser, Balerdi Balerdi, Giorgio Bassmatti, Cohen, Yaw, ZaKillers eta Herstura. Ezer baino lehen, mila esker Harrobia Zuzen / HR!Z kontzertu programan parte hartu duten talde, musikari eta pertsona guztiei. Dena zor dizuegu. Baita zuri ere ikusle, musika zale, babesle edo lagun hamabi urratseko zikloa posible egiteagatik.

Gozoa izan da egitasmoa aurrera eramatea. Gazia, aldiz, hainbatetan egindako apustua, lana, konpromisoa eta erantzuna. Baina ezin gara kexatu, helburua bete dugu eta. Euskal Herriko musika alternatiboa sustatzearekin batera, Donostiako zuzenekoen eskaintza aberasteko asmoarekin sortu genuen Harrobia Zuzen kontzertu programa. Gipuzkoako hiriburuan kontzertu dezente antolatzen diren arren, bertakoek (Euskal Herriko hango zein hemengo bandek) oso gutxitan izan dute protagonista izateko aukera. Normalean, jendea erakartzeko amu izaten dira, kanpoko banda baten telonero. Hori irauli asmoz antolatu ditugu askotariko hamabi kontzertu, oro har, taldeek eta musika zaleek estimatu dituztenak. Pozik eta harro gaude, beraz. Ikusi dugu, maiz oso zaila bada ere, bertako eszena babesteko joera areagotzen ari dela.

Zikloa itxi dugu. Arrazoi positiboek bultzatu dute Harrobia Zuzen kontzertu programaren etena eta bukaera. Pixkanaka, Donostia eta inguruetako beste musika eragile eta antolatzaileek bertako taldeak nabarmentzeko konpromisoa agertu dute, oreka duin bat lortzea oraindik kostako den arren. Hori dela eta, gure ekarpenari epemuga iritsi zaio. Bukatu da. Ordea, jakina da ez garela lausotzen eta makaltzen diren horietakoak, eta noski, ez dugu baztertzen etorkizun hurbilean kontzerturen bat edo beste antolatzea.

Mila esker benetan, eta segi gure eszena babesten. BIZI MUSIKA!

No hay comentarios:

Publicar un comentario