Jarraitu Twitterren! Siguenos en Facebook

2011/12/27

HR!Z 007 | Napoka Iria + Physis Versus Nomos


HR!Z 007 | NAPOKA IRIA + PHYSIS VERSUS NOMOS
Eguna: urtarrilak 13, ostirala.
Aretoa: Doka Kafe Antzokia.
(Errege zain 20, Antigua – Donostia)
Ordua: 20:30.
Sarrera: 5€.

NAPOKA IRIA. Jendaurrean grabatutako lan berria kalean du Eibarko bikoteak. 2005eko izen bereko maketa eta 2008ko 3 kantuz osatutako bigarren maketaz geroztik ateratako kantu bilduma da Lehertarazi Edifizioak (Bonberenea, 2011). Urtarrileko asteburu batean, grabaketa estudioa Bergarako Zabalotegira egokitu, ateak publikoari zabaldu eta bi kontzertu eman zituzten kantu zahar, berri eta hainbat bertsio eskainiz. Horietako hamar piezek osatzen dute bilduma, gitarra elektriko bat, akustiko bat eta ahotsen ohiko dantzekin.

PHYSIS VERSUS NOMOS. Beñat Antxustegi musikari donostiarraren bakarkako egitasmoaren ezizena da. Iaz maketa laburra sareratu ondotik, aurten Zartada eta Ferekaren Artean (Auto-ekoizpena) estreinako lana aurkeztu du. Rock, pop eta folk doinuak nahasi eta bere eremura eramateko abilezia du.

Informazio gehiago:
www.myspace.com/napokairia
www.myspace.com/physisversusnomos

2011/12/15

HR! 55 | Curasan, Lisabö, Porco Bravo, Giranice, ...


Esperimentazioa zinez erakargarria da. Erritmoak, pasarteak, melodiak, ... ezaugarrien nahasketak aberasten du musika. Gurean zorioneko ereduak ditugu. Batzuk "pre" eta beste batzuk "post". Gaur, 23:00etan, Info Zazpi irratian, Harrobia uhinzinearen ale berri bat entzun ahal izango duzue.

ALE HONETAN: Curasan "Curasangre" (hurbileko entzunaldia), Lisabö, Porco Bravo, Cold Revenge, Txarrena, Giranice (lehen pausoa), Meido, The Soulbraker Company, ...

2011/12/13

Negua etorri da ta


Belarriekin ikusteko nire begiek entzuten ez dutena... Horrela dio euskarazko kantu baten letrak. Agian, again, entzuteko aukera izan duzue. Letrak gordetzen duen mezua bestelakoa bada ere, esaldi konkretu horrek ondo baino hobeto definitzen du musikaren egungo egoera. Kontsumo jendartean doinuak begiekin jaten dira belarriak goxatzeko. Musika entretenimendurako tresna hutsala bihurtu da. Bihurtu dute.

Negua joan, negua etorri, panorama hozten ari da. Alta, inoiz baino musika talde gehiago daude. Han eta hemen. Inoiz baino kontzertu gehiago daude... Tira, ikusle kopurua iraganeko berbera da. Kontzertu arruntetaera betikoak joatean dira, kontzertu berezituetara modaren parte sentitu nahi dutenak. Inoiz baino musika gehiago entzuten dugu. Kontsumitzen dugu. Era da sobera aldatu dena. Euskarri fisikoa desagertzen ari da, mp3 solteen iraultza dela eta. Izan ere, abesti bakartuen fenomenoa da mainstream mota berria. Singleak, kantu solteak, hartu du diskoaren produktu izaera. One hit wonder delakoak esanahia eguneratu du.

Euskal Herrira ere iritsi da negua. Azken urtean, aipatu fenomenoa gurean eman da. Zea Mays taldeak oihartzun nabarmena izan du “Negua Joan Da Ta” abestiarekin. Agian, again, han eta hemen entzun dugu. Baita zeinuen hizkuntzan ikasi ere. Kantu bakarrari esker, askorentzat talde kuttuna da orain Errekaldeko laukoa. Sei disko argitaratu arren, zale berri horiek aipaturiko abestia baino ez dute ezagutzen. Adierazgarria bezain tristea da. Bizkaikoek seigarrenean asmatu dute. Horretarako, proposamena egokitzea erabaki zuten. Hori bai, taldearen izaera galdu gabe. “Morphina” aurreko lan hobean zetorrenaren aurrerapen txikia eskaini zuten. Baina, dirudienez, abesti biribilik, ez. Aurrera begira, erronka ederra dute norabidea aukeratzerakoan. Jarraitzaile berriena, edo betidanik alboan izan dituzten horiena.

Musika eszena bozgorailuek izoztu dute. Iragazkia ezarri, abestiak hautatu eta hedatzen dituzte. Gurean sarritan aipatzen duguna Gaztea irrati formula publikoa da. Euskadi izateari utzi zionetik, baina ez publiko, euskal musika sailkatu du. Zu bai, zu ez. Goratzen dituzten euskal taldeek ez dute eszenaren aberastasuna islatzen. Ken Zazpi, Seiren edo Lain bezalakoen pop arina hedatzen dute, eta Esne Beltza, Ze Esatek! nahiz Vendetta gisakoen ska-reggae-rock dantzagarria. Euskal musikaren erreferente faltsu bihurtu dituzte. Formulak, ordea, baditu salbuespenak. Zea Mays genuke horietako bat, edo Hedoi Etxartek estimatzen duen Berri Txarrak, beste bat. Dena dela, Gazteak hausnarketa sakon bat behar du, sortzen duen fenomenoak bertako musika panorama gutxiesten eta kaltetzen duelako.

Ez da bakarra. Bada beste bozgorailu bat urteetan Euskal Herriko musika berotu eta izoztu duena. Gurean sarritan aipatzen ez duguna. Hori ezker abertzalea da. Bada garaia autokritika zintzoa egiteko, nahiz eta Garako iritzia sailean suminduen erantzuna jaso. Ezkerreko mugimendu abertzaleak asko egin du euskal musika suspertu eta indartzearen alde. Zinez, asko. Baina, izaera jakin bateko euskal taldeak bakarrik nabarmendu ditu. Estiloari eta kalitateari gehiegi erreparatu gabe, mugimendu abertzale eta politikoarekin bat egin dutenek jaso dute babesa. Horietako batzuk erreferente izatera iritsi dira merezimendu osoz. Ordea, badira Des-Kontrol edo Hesian bezalako beste batzuk, apartekoak izan gabe bultzatu dituztenak. Hori dela eta, txosnetan entzuten den top-zerrenda betikoa da, egungo talde hautatuekin batera. Antolaturiko kontzertu, festa eta jaialdietan ere betiko talde horiek jotzen dute. Zorionez, abanikoa zabaltzen hasi da.

Izpi txiki-txikiren bat agertuz doa gaurkoan... Aro loriatsua datorrela iragarri dutenez, hotzak berotzeko ahalegina beharrezkoa da. Abesti bakartu eta talde hautatuen fenomenoa gainditzeko komeni da bertako askotariko musika bizi eta babestea.

Entzun! aldizkariaren 61. alean argitaratua (2011).