Jarraitu Twitterren! Siguenos en Facebook

2010/12/30

HR!Z 002 | Mantisa + Sarkor


HR!Z 002 | MANTISA + SARKOR
Eguna: urtarrilak 28, ostirala.
Tokia: Doka Kafe Antzokia.
(Errege zain 20, Antigua – Donostia)
Ordua: 20:30.
Sarrera: 5€.

MANTISA taldea Zarautzen sortu zen, 2004an. Euskal Herriko hardcore eszenatik abiatu bazen ere, egun rock estiloaren baitako ate guztiak irekita izan nahi ditu. Azken urteetan Euskal Herrian eta Katalunian eman dituzte kontzertuak. Taldeko gitarra jotzaile eta abeslari Iosu Gonzalezek grabatu, nahastu eta masterizatu du taldearen lehen diskoa eta Gor diskoetxeak argitaratu du. Hamasei abestiek laukoteak bizitakoak jasotzen dituzte, musika eta letren bidez forma emandako esperientziak.

Urte batzuk pasa dira Arratzuko lokalean batzen hasi zirenetik. 2004ko udan hain zuzen ere sortu zen SARKOR. Ordutik, bina maketa eta disko plazaratu dituzte, eta kontzertu mordoa eskaini ere Euskal Herrian zehar. Punk rock bizkorra eta abiadura nabarmentzen dira beraien musikan nahiz eta 2010eko uztailean argitaratu zuten bigarren diskoak, kutsu desberdina izan. “Sentimendu Gabe” izeneko diskoarekin bueltan dira. Landuagoak, serioagoak, zuzenagoak dira diskoaren hamar abestiak, beti ere aurreko urteetako bidea baztertu gabe.

Informazio gehiago:
www.myspace.com/mantisa
www.myspace.com/sarkoreto

2010/12/23

TXINAURRIAK | Mikel Laboari ikasitako kantuak


2008ko abenduaren 1ean, maletak utzi eta joatea erabaki zuen Mikel Laboak. Maleta horietan dago bere izana eta gure artean geratu den musika ekarpen aberatsa. Laboa joan eta bi urtera Bidehuts musika elkarteak TXINAURRIAK omenezko bilduma kaleratu du. Guztira hemeretzi taldek parte hartu eta errespetatu dute donostiarraren lana.

Txerokee omenezko diskoaren aldean TXINAURRIAK bestelakoa da. Laboa joan ondorengoa izatearekin batera, esperimentalagoa da eta akaso fidelagoa ere. Bidehuts musika elkartearen inguruko taldeek, baina ez denek, bertsioak ederki zaindu dituzte. Diseinua, estalkia eta formatua ere ezin nabarmendu gabe utzi. Binilo bikotza eta elurra bezain zuria agortu da, eta dutenek ondo gordeko duten altxorra da.

Moldaketa guztiek merezi dute. Baina batzuk aipatzen hasita Ama Say, Willis Drummond, Lisabö, Berri Txarrak, Zura, Borrokan, Xabier Montoia, Eten eta Mursego, Ruper Ordorika edo Audience taldeenak dira finenak.

Informazio gehiago | bidehuts

2010/11/28

ZEA MAYS | Era


Orain arteko bidetik zeharo atera gabe, bestelakoetan ere sartzea erabaki dute. ZEA MAYS bizkaitarrek “Era” seigarren diskoa aurkeztu dute, orain arteko zuzen eta dantzagarriena. Rockaren izaera beste behin ere euren erara moldatu dute, eta gustura daude. Betidanik esperimentatu izan dute, eta lan berrian, programazio zein efektuekin dibertitu dira.

Indarra, melodia eta emozien batuketa neurtua dira “Era” diskoak jasotzen dituen hamabi kantuen ezaugarriak. Laukoteak heldutasunez jakin du zein ate berri zabaldu nahi dituen. Orain rock dantzagarria, gero stoner nortasuna, eta ahotsean poparen goxotasuna. Bilboko Errekalde auzokoen sormen gaitasuna harrigarria da beste behin ere, eta gezurra badirudi ere, Aiora Renteria abeslariak oraindik harridura sortzen du.

Seigarren diskoarekin hedabideen arreta berezia lortu dute. "Negua joan da ta" kantu ederrari esker irrati formula jakinaren aduana gainditu dute, eta zorionez gazte zein heldu askok bizkaitarren oraina ezagutu dute. Formularekin, ordea, beraiek asmatu dute. Diskoak soilik kontzertuetan eta sarrerarekin batera eskuragai jartzea era egokienetakoa dela dirudi. Kukutza etxea bete zuten, Donostiako Dokan jendea kanpoan geratu zen, ... Merezi dute, seigarrenean bada ere.


Bio | Badok.info
Myspace | www.myspace.com/zeamaysrock

2010/10/23

SARKOR | Sentimendu gabe


Bihotzaren lekuan granada bat irudikatu dute SARKOR bizkaitarrek "Sentimendu Gabe" bigarren diskoaren azalean, taupaka eztanda egitetik gertu egon daitekeena. Argi dago inguruan ikusten dutena ez zaiela batere gustatzen. Hein handi batean, horrek lotura zuzena du laukote ausartak disko honekin erakusten duen heldutasunarekin.

Orain arteko kanten egitura behin eta berriz errepikatu baino sormena landu dute, eta beraiek aldarrikatzen duten bezala, bigarrenak bestelako kutsua du. Oinarrizko punk rocketik abiatuta beste eraginei ez diote uko egin, eta diskoak dituen hamaika kantuak sinpleak bezain deigarriak dira. Guztiek dute zerbait bereizgarria. Ziurrenik taldeak aurkitu nahi zuen nortasuna da. Punk rock melodikoa euskaraz jorratu duten taldeen artean ezberdintzeko beharra zuten, eta badirudi guztiz lortu ez badute, hurbil daudela.

Musika ez ezik, grabazioa sobera zaindu dute Iñigo Etxebarrietaren laguntzarekin. Diskoaren diseinua eta formatua ere gehigarri aparta dira. Egia esan, eskertzekoak dira horrelakoak.




Myspace | www.myspace.com/sarkoreto

2010/10/20

HR!Z 001 | Willis Drummond + Yelow Page


HR!Z 001 | WILLIS DRUMMOND + YELOW PAGE
Eguna: urriak 30, larunbata.
Tokia: Doka Kafe Antzokia.
(Errege zain 20, Antigua – Donostia)
Ordua: 21:00.
Sarrera: 5€.

Aspaldiko partez WILLIS DRUMMOND taldea Donostiara hurbilduko da. Lapurdikoek, Hondarribiko Psilocybenea aretoan grabatutako zuzeneko diskoa kaleratu berri dute BideHuts egitasmoaren “Zuzenekoak” azpiatalaren bidez. Espainian eta Katalunian egindako kontzertu biraren ondoren iritsiko dira Gipuzkoako hiriburura. Okerrik ezean, Jurgi, Xan, Rafa eta Felix musikariek osatzen duten laukoak kantu berriak eskainiko ditu zuzenean.

Talde gonbidatu gisa YELOW PAGE hiruko gipuzkoarra arituko da. Pasai Antxo eta Lezo bitarteko hiru musikarik osatzen dute taldea: Elur (baxua eta ahotsa), Xabi (bateria) eta Ekaitz (gitarra eta ahotsa). Musikalki 90. hamarkadako rock alternatiboa gustuko dute, eta beraien proposamena rockaren eta hardcorearen artean koka daiteke.

Informazio gehiago:
www.myspace.com/willisdrummond
www.myspace.com/yelowpage

2010/10/07

HR!Z | Kontzertu programaren hasiera...


Aurkezpena. Euskal Herriko musika alternatiboa sustatuz, asmoa da Donostiako kontzertu proposamena aberastea. Gure eszenan nabarmentzen diren euskal taldeak Gipuzkoako hiriburura ekarriko ditugu. Zuzeneko proposamena, berriz, inguruko talde hasiberri batekin osatuko dugu. Hau da, bi taldek osatuko dute emanaldi bakoitza: bidea egin duen batek, bidea egingo duen beste batekin batera.

Jatorria. Kontzertu programaren jatorria Sektor Rock irratsaioa da (Herri Irratia). Irratitik zuzenekoetara jauzi egitea erabaki genuen, baita lortu ere. Dena dela, kontzertu bakarra egin ondoren, programaren hamar urtetik gorako ibilbidea eten egin zen eta kontzertu programaren ideia ere. Horrela sortu ziren Harrobia Lantzen Euskal Herriko musika alternatiboa babesteko ekimena eta Harrobia uhinzine edo irratsaioa (egun Info Zazpi bidez zein sarean entzun daitekeena). Gerora, iragan hurbileko ideia berreskuratu eta Harrobia Zuzen kontzertu programa sortu genuen.

Gunea. Donostiako Doka Kafe Antzokia da zuzenekoetarako hautatu dugun lekua. Aproposena iruditzen zaigu gure kontzertu programa aurrera eramateko.

Maiztasuna. Zuzenekoak noizean behin edo gutxienez bi hilabetean behin izango dira. Taldeen zein aretoaren araberakoa ere izango da.

2010/09/08

Labur eran | Cobra, Willis Drummond, Bizardunak, ...

Labur eran, hainbat musika talderen inguruko albisteak argitaratuko ditugu hemendik aurrera...


COBRA
Bizkaia eta Gipuzkoa bitarteko rock banda bigarren diskoa grabatzen hasi da. "The Strong Arm Of The Rock" estreinakoaren jarraipenak bederatzi kantu izango ditu eta 2011 urte hasieran aurkeztuko dute. Laukoteak zuzenekoetara itzultzeko asmoa du, baina ez da erraza izango Davidek (Berri Txarrak) eta Ekainek (Dinero, Seiurte) dituzten beste konpromisoengatik. [info+]

WILLIS DRUMMOND
2009ko irailaren 19an Hondarribiko Psilocybenea aretoan eskainitako kontzertuaren zuzenekoa kaleratu berri dute lapurtarrek, BideHuts plataformaren bitartez. Bertara hurbildu ziren pertsona guztiei ale bana oparituko diete eta beste zenbait salgai daude dagoeneko. Horrekin batera, lauko rock zaleak hirugarren diskoa kaleratzeko asmoa du datorren urte hasieran. [info+]

BIZARDUNAK
Uda osoa kontzertuz kontzertu ibili dira eta biharamun gogor dezente pilatu dituzte. Lehenengo diskoak izan duen harrera bikaina baliatuz, azaroan bigarren lana plazaratuko dute Gor diskoetxearen eskutik. Horren ezaguna egin duten Irlandako folka aldarrikatuko dute, ikuskizunarekin eta letra deigarriekin uztartuta. [info+]

2010/07/23

HARROB!A uhinzinea | Bigarren denboraldia Info Zazpi irratian...


Ostiral honetan, uztailak 23, HARROB!A irratsaioaren bigarren denboraldiari hasiera emango diogu. Iragan abenduan atseden hartu ondoren, berriz ere udan itzultzea erabaki dugu. Oraingoan, ordea, Info Zazpi irratia. Horrekin batera, blog honetan saio guztiak entzun, jaitsi eta gorde ahal izango dira.

Aurreneko denboraldian programak izan zuen harrera ona ikusita, zenbait moldaketa egin eta indarberrituta itzuliko gara. Horiek horrela, uztaila bukaeratik abendura bitarte Euskal Herriko musika alternatiboari tarte berezitua eskainiko diogu HARROB!A uhinzinean.

SINTONIAK
Donostialdea 99.2 fm
Bilbo 102.3 fm
Arabako lautada 103.8 fm
Iruñerria 106.7 fm

Internet bidez: www.info7.com

2010/07/07

FOCUSIN | Easy go, easy come


Asko dira Euskal Herritik Bartzelonara joan direnak. Asko dira ere, dioten hiri kosmopolita horretan aurrera egiten dutenak. Zarauzko musika talde batek ere esan zuen, bertan "konposatzeko askatasun gehiago" zegoela. Diaspora bitxia.

Gasteizen sorturiko FOCUSIN taldea ere Bartzelona inguruan dabil. Lehen urratsak Arabako hiriburuan egin zituzten, eta datozenak hautatu duten hiri berrian eman ditzakete. Batez ere, duela gutxi plazaratu duten "Easy Go, Easy Come" lehen diskoarekin. Guztira, hamaika abesti dantzagarri jasotzen ditu. We Are Standard, Mendetz eta Cat People taldeen hurbilekoak dira. Hala ere, hirukoak aitortu du Bloc Party, The Police eta Coldplay bezalakoen jarraitzaileak direla.

Ondo grabatu eta ondo aurkeztu ondoren, ondo hedatzeko itxaropena dute. Bestelako lanak ere txukun bete dituzte. Esaterako, "Kill The Hero" kantuaren bideoklip bikaina.



Myspace | www.myspace.com/focusinband

2010/07/06

HESIAN | Borrokatu eta irabazi


Kaseteen garaian musika talde hasiberrien lehen maketa tabernatik tabernara, txosnatik txosnara, lagun batetik bestera, ahoz aho, ... mugitzen zen. Garaian garaiko altxorrak ziren, ondoren lehen disko bihurtzen zirenak.

Gaur egun, ordea, fenomeno hura ez da existitzen. Hala ere, badira lehen maketarekin jauzi "txikia" ematen dutenak. Esaterako, HESIAN talde nafarra. "Maite Dugu" maketarekin Euskal Herriko txoko askotara iritsi ziren. Musika estiloak, kantuen bidezko aldarrikapenek eta herri mugimenduak lagunduta oihartzun nabarmena izan zuten. Gero etorri zen, 2008an, "Herriaren Oihua" (Gor diskak) lehendabiziko diskoa. Zenbaitzuk ez zuten ulertu taldearen jarrera, baina jarraitzaileak mantendu zituzten.

Berriki "Borrokatu eta irabazi" (Auto-ekoizpena) bigarren diskoa aurkeztu dute. Aldaketa aro baten ondorengo lehen emaitza da. Musikari batzuk joan eta beste batzuk etorri dira, baina musikalki ildo beretik segitzen dute. Mireia abeslari berria ez da Amets, baina alderantziz ere gauza bera esan daiteke. Hardcore melodikoa letra zuzen eta aldarrikatzaileekin uztartzen segitzen dute. Hori bai, oraingoan haize sekzioa garrantzitsuagoa da: kantu guztiak apaintzen dituzte.


Myspace | www.myspace.com/hesian

2010/06/27

THE DIRTY PINK LADIES | Too Old To Cry


Entsegu lokalean edo estudioan lorturikoa zuzenean gainditzea izaten da taldeen erronka. Ez dute denek lortzen, eta gutxi batzuk esan dezakete "zuzeneko taldea" direla.

2010aren bigarren erdian sartu gara eta zuzenean zer esana eman duten euskal taldeen zerrenda zertxobait osatu daiteke. Momentuz, eta ikusitakoak ikusita, lehen postuan THE DIRTY PINK LADIES jarriko dugu. Irungo laukoteak ondo baino hobeto defendatzen du "Sunrise Orchestra" aurreneko diskoa, zuzenean.

Aurkeztu berri duten "Too Old To Cry" kantuaren bideoklipak ere merezi du. Benetan.



Myspace | www.myspace.com/thedirtypinkladies

2010/06/23

XARMA | Amaraunak


Askotan musika talde baten abentura bukatzen denean, beste bat abiatzen da. Keike taldea bereizi bezain pronto Jon Kirruk eta Itsasok (Jauko Barik) zituzten abesti berriak aurrera ateratzea erabaki zuten. Horrela sortu zen XARMA taldea.

Maketa bat grabatu eta pasa den urtean makina bat kontzertu eskaini zituzten Euskal Herria eta Alemania bitartean. Aldi berean, udan lehendabiziko diskoa grabatu zuten Tolosako Bonberenea estudioan Karlos Osinaga teknikari eta maisuarekin. Urtebete beranduago, Bizkaia eta Gizpukoa arteko taldeak kalean du "Amaraunak" lehendabiziko diskoa.

Euskarazko rock musikatik abiatuta askotariko 12 kantu ditu aurreneko lanak. Gogorrak zein melodikoak. Stoner kutsukoak, pop zaleak edo bidasoako hardcore usaina dutenak. Gehienetan Jonek abesten du Itsasoren laguntzarekin koroetan. Itsasok kantu batean ere abesten du eta lastima gehiagotan ez izatea. Era berean, lastima diskoak duen diseinua barruan gordetzen duen mamia aparta da eta.

 

Myspace | www.myspace.com/xarmamusika

2010/06/02

KEROBIA | Ontziak


Ezustean eta gehiegi iragarri gabe kaleratu du KEROBIA taldeak "Ontziak" lan berria. Duela bi urte hasitako trilogiari amaiera ematen dion disko edo alea da. Hain zuzen ere, "Materia Organikoa eta Gainerakoak" (2008) eta "Papera eta Kartoia" (2009) diskoen istorioa biribiltzen duena da.

Hiru urte behar izan dituzte, alez ale trilogia ederra osatzeko. "Rose Escargot" bigarren diskoarekin zehaztu zuten norabidea, eta abestiz abesti aurrera egin dute. Horren gustuko duten nazioarteko pop rock (Ingalaterrakoa bereziki) musika landu eta euskaraz aurkeztu zuten, baina euren nortasuna adieraziz. Trilogia indartsu hasi zuten apalago bukatzeko.

Nafarren diska guztiak dendetan eskura daitezke. Dena dela, beraien web orritik ere jaitsi daitezke azken hiru aleak. Azkena ere helbide honetan topa dezakezue: http://ontziak.kerobia.com

2010/05/31

JON & SUGRAMAS | Lehen diskoa!


Jon Gurrutxagaren (Arima Beltza, Uek) proiekturik berriena dugu JON & SUGRAMAS. Egitasmoari forma emateko aspaldiko lagunekin batu da Elgoibarko musikaria. Sugearekin lotutako landarean oinarriturik “Sugramas” izenaz bataiatutako bandan Legen Beltzako Ekaitz Garmendia eta Ivan Hernández azpeitiarrak daude gitarra eta baterian eta Andrakan taldean ere diharduen Andoni Mujika elgoibartarra, berriz, baxuan.

Estraineko diskoa dagoeneko kalean dute: ingelesez eta euskaraz abestutako rocka, bluesa eta 70eko hamarkadako rock taldeen eragin zuzena duena. Hamaika abestiz osatutako lana Aste Santuan grabatu dute Bilboko Koba estudioetan Xanpe teknikariarekin.

Entzun zenbait abesti eta gozatu: www.myspace.com/jonsugramas

2010/05/04

MUNLET | Cañon


Laukote bihurtu eta rock izaera nabarmenagoa hartu ondotik, MUNLET gipuzkoarrak bueltan dira "Cañon" (Gaztelupeko Hotsak) bigarren lan luzearekin. Punk elektronikoaren bidetik joan arren, talde formatuak bestelako nortasuna eman die. Lan interesgarria aurkeztu dute, ezaugarri on asko dituena: edukia, estalki edo diseinua eta segidan ikus daitekeen bideoklip zoragarria. Pablo Fermin artistaren lana bitxia bezain ederra da.



MUNLET | Myspace

2010/02/07

Erreportajea | Berri Txarrak (lehen zatia)


Amestearen ordaina

Mugarik gabeko helmugak etengabe gurutzatzeko prest daude. Bat gainditu orduko beste hiru dituzte eskura, aurrez aurre. Erronka berriak betetzeko gogotsu daude Berri Txarrak taldekoak. Hamabost urte pasa dira dagoeneko Lekunberrin sortu eta hasi zirenetik. Diskotik diskora, urratsez urrats, euren doinuen oihartzuna areagotu dute. Eta egun, azken lau urteetan egindako kilometroak adina jarraitzaile dituzte. Beldurgarria da nafarrek gurean ez ezik, inguruko herrialdeetan ere erdietsi dutena. Transmititzea, berba eta irudia, baina batez ere musika. Batek daki, baina “Payola” (Roadrunner) helmuga berrien giltza izan daiteke.

Musika talde baten zikloa ezin da neurtu. Jaio edo abiatzen den orok izango du akabera, baina nekez jakin daiteke noiz izango den hileta. Bitartean unean unekoa bizi behar da. Gozatu, eta atzera gehiegi begiratu gabe aurrera egin. Berri Txarrak taldeak ez du berehalakoan ahaztuko 2005etik hona bizitakoa. Jaio.Musika.Hil bosgarren lanarekin, amestearen zergatia ulertu zuten.

Azken lau urteetan zituzten amets gehienak egia bihurtu dira. Euskal Herriko euskarazko talde garrantzitsuena izatearekin batera, nazioarteko ateak zabaltzeko aukera probestu dute. “Munduan zehar egindako biran 200 kontzertu baino gehiago eskaini genituen, erdiak baino gehiago atzerrian”, gogoratu du oraindik harrituta Gorka Urbizuk. “Espero ez genuen arren, ‘Jaio.Musika.Hil’ lana gure musika ibilbidearen giltzarri bihurtu da”. Bidaia luze horren laburpena duela bi urte plazaratu zuten Zertarako Amestu dokumentalean jaso zuten. “Argi genuen unean uneko esperientzia hura ez zela betirako izango, eta horregatik grabatzea erabaki genuen”.

Iragan hurbila ahaztu gabe iritsi da Payola, nafarren seigarren diskoa. “Egia esan, lan berri bat plazaratzeko presioa sentitu genuen”, azaldu du Urbizuk. Pasa den urte osoa entsegu lokalean eman zuten lan berria konposatzen, bikote gisa. Mikel “Rubio” baxu jotzailearen agurraren ondoren, Urbizuk eta Aitor Goikoetxeak sormenari denbora eskaini zioten. “Betidanik gure helburua ahalik eta disko onena egitea izan da, kantu onenekin osatutakoa”. Ondoren iritsi zen David Gonzalez kide berria (Evirus 69, Pilt, Cobra, ...), hirukoa sendotze aldera.

Erronka berriak

Ez dira atzera begira zaleak, hala dio Urbizuk. Horregatik ilusio eta asmo berriak dituzte. Beharrezkoa talde gisa hazteko eta ibilbideari segida emateko. Etxekoa horren ondo ezagututa, kanpora begira daude. Ezezagunaren tentazioa.

Izan duzuen oihartzuna ikusita, Euskal Herria txiki geratu al zaizue?
Inolaz ere. Ematen du Roadrunner diskoetxearekin sinatzeak handinahikeriatan murgildu garela, eta ez da horrela. Guretzako gauza normala izan da. Azken hamabost urteetan hemen bakarrik jo izan bagenu jendea erreta egongo zen, eta gu ere. Erronka berriak behar ditugu. Ez dugu gure buruaren parodia izan nahi, eta kantuekin berbena bat egin. Momentuan egiten dugun horretan sinistu behar dugu. Horregatik, argi ikusi genuen gure eremua zabaldu behar genuela. Saiatu behintzat. Eskuak Ukabilak diskoa kaleratu arte ez ginen Euskal Herritik jotzera atera. Katalunian izan genuen lehen esperientzia. Gerora, zabaltzeko aukera izan dugu. Erronka da kanpora iristea baino etxekoa mantenduz, eta zaleei zerbait berria eskainiz.

Zuen inguruko laguntzaile taldeak egin du posible zuen jauzia?
Egia esan, inguruko lan taldea izango ez bagenu beste maila batean geundeke. Lanak eta ilusioak egin du posible lortu duguna. Aurreko lana atera genuenean gure helburua ez zen leku jakin batera iristea. Bere garaian lanpostuak utzi eta saiakera egitea erabaki genuen. Egun ere ez dugu helbururik. Aurrera goazen sentsazioa soilik nahi dugu, eta horrek ematen dizun oxigenoa aprobetxatzea. Dena dela, egia da inguruko hainbat pertsona erabakigarriak izan direla. Bat esatekotan, Pau eta Panda Management aipatuko nituzke. Askotan aldatu dugu musika eragintza, baina eurekin gaude gustura gure filosofiarekin bat egiten dugulako. Gure erokeriak euren erokeriak dira. Horrela, gurean lortutakoa kanpoan inbertitzen saiatzen gara.

Ameriketako Estatu Batuak. Horren urrun eta hurbil. Azken bi lanekin bertara jo duzue. Ed Rose, Steve Albini, ... Zer dela eta?
Onerako edo txarrerako entzuten ditugun talde asko eta asko estatubatuarrak dira. Rocka ezagutu genuen euskal eszenari esker, hasi ginenean, eta asko zor diogu. Baina egun AEBetako taldeak atsegin ditugu. Trikitixa talde bat izango bagina ez genuke Chicagora joko, argi dago. Alabaina, Albini edo Rosengana jotzeak badu bere arrazoia. Jakin nahi genuen pertsona horiek zer egiteko gai ziren gure musikaren. Gure eszenatik kanpokoak eta rock&rollaren historian disko garrantzitsuak egin dituzten pertsonak izanik, emaitza ikusi nahi genuen. Jaiorekin esperimentu txiki bat egin genuen, lan erdia eginda eraman genuelako. Payola diskoarekin, ordea, argi genuen Albinirekin grabatu nahi genuela. Berarekin lan egiteko aproposak ziren.


90eko hamarkada

Hazi ahala hezi, eta alderantziz. “Nerabezaroan entzuten duzun musika horrek eragin eta markatzen zaitu”, uste du Urbizuk. Arrazoia ez zaio falta. Berri Txarrak urteetan edandakoaren isla garbia da. Garapen koherente baten emaitza.

Hasi zinetenetik taldeak eboluzio nabarmena izan du. Estiloa, soinua edo taldekide kopurua aldatu dira. Nola laburbildu izandako garapena?
Ez dugu arkatz bat hartu disko bakoitzean nahi genuena lortzeko. Hori oso zaila da. Denborak, entzundako musikak eta esperientziak ekarri gaitu garenera. Beste talde asko bezala, hasieran Su ta Gar izan nahi genuen. Nahi Ta Nahiez taldetik gentozen Aitor eta biok, eta gure nahia zen orduan musika azkarra eta oldarkorra jotzea. Lehen aldia nuen gitarra bat hartzen nuela. Nire ustez talde baten eraginak lehen, bigarren edo hirugarren diskoan asko nabaritzen dira. Ondoren pixkanaka soinu propioaren bila hasten da taldea. Bestalde hirukote izatera pasa ginenean bitxia izan zen. Lehenago ere hartu genuen sinplifikatzeko joera. Literaturan ere gertatzen da. Idazle batek lehen liburua ateratzen duenean dakien guztia bertan erakusten saiatzen da. Baina hurrengo liburuetan gauzak kentzen, kimatzen doa, eta esentzia bilatzen du.

Laukote izatetik hiruko izatera bada aldea, eta zuengan nabaritu dela uste duzue?
Dutek ere egin zuen, Nirvanak ere... Hirukote izatera pasatzea garrantzitsua izan zen. Badu bere magia. Gainera ez genuen nahita erabaki. Aitorrek taldea uztea erabaki zuenean, berezia izan zen. Beste norbait sartzeak beldurra ematen zigun. Aitor joan zenean disko baten atarian geunden. Badira kantu batzuk gitarra bat gutxiagorekin ere esentzia mantentzen dutenak. Baina, moldaketak egin behar genituela ikusi genuen. Gainera niretzako zaila izan zen abestu eta aldi berean gitarra jotzea. Baina lortu genuen. Orain dugun sentsazioa da hiruko bezala betidanik gabiltzala, kontzienteki izan gabe hori barneratu dugu.

Musikari dagokionez, hiru hamarkadetako eraginak topatu dituzte Payola lanean. Bereziki, ordea, 90eko musikarekin hazi zarete, ezta?
Hala da. Gerora musika zale hutsa gisa erroak nondik datozen ikertzen hasten zara. Baina hobeto ezagutzen ditut Panteraren diskoak Black Sabbathenak baino. 1991n 14 urte nituen eta badakit urte hartan eta hurrengoetan entzun nituen diskoak direla nire eraginak. Megadeth edo Metallica ditut gogoan. Nik ez nuen anai zaharrik eta Lekunberrin ez zegoen rock zaletasunik. Are gutxiago euskalduna bazen. Euskal taldeak Eh Sukarra eta Su Ta Gar gisakoen ezagutu genituen. Eta gero iritsi ziren Pantera, Nirvana, Rage Against The Machine, Weezer eta besteak. Gaur egungo musikari gazteek egungo musikaren eragina izango dute, gerora joko dute erro zaharretara (...).

Entzun! aldizkariaren 59. alean argitaratua (2009).

2010/01/19

Iruzkina | Krilin - When the time comes...



KRILIN - When the time comes there will be no time
(Auto-ekoizpena, 2009)


Gakoa hori omen da. Diferente bezain alternatibo izan behar da zer esana emateko. Diferente zure inguruari erreparatuz. Diferente zerbait ezberdina bilatzen duten kritikari edo musika zale horiek asetzeko. Euskal Herrian fenomeno diferente dira Delorean, We Are Standard edo Audience. Proposamen ez horren ohikoak gurean, arruntagoak mugen bestaldean. Donostia eta inguruetako Krilin talde gaztea ere diferente gisa onartu daiteke. Donostia alternatiboaren harrobi ederretik ateratako Adrenalized, Curasan edo Thee Brandy Hips taldeen belaunaldikoak dira. Entsegu lokalean eraiki eta desegin dute taldea.

Hasieran Kaliforniatik erraz iritsi zen hardcore melodikoa jorratzen zuten. Millencolin edo Blink 182 idoloen tankerakoa. Baina, musika janez eraginak zabaldu eta berezko nortasunaren bila abiatu ziren. Neurri batean, lortu dute. “When the time comes there will be no time” estreinako lanak baditu diferente izateko ezaugarriak. Taldearen izena berdina da, baina diferente. Musikariak ere, eta diferente.

Euren proposamena kimatzen ari dira, eta lehen urratsa zinez deigarria da. Diskoa taldea bezain irekia da. Amorrua melodiarekin apaltzen dute, eta gitarra akustikoa riffen maila berean kokatzen da. “Elemental” lehen kantuak laukotearen oinarria deskribatzen du, hurrengo bederatzi abestietan mantenduko dena. Entzuteko errazagoak diren ereserki laburrak badira (“Intoxication” eta “Coffee & Ants” zoragarriak), luzeago zein aberatsago direnak ere (“Body Exchange”, “Why Hesitate” eta “Some Like It Hot”), eta lasai bezain gozo direnak, “Brave Stroke” kasu. Imajinatzen hasita The Mars Volta, Deftones eta Muse taldeen arteko fusiotik gertu daude Krilin taldekoak. Konposizio interesgarriekin batera soinua paregabea da, bereziki Txosse eta Santi Garcia ekoizle ezagunen lan onari esker. Finean, joan berri den urteko harribitxietako bat da gipuzkoarren aurreneko lana. Hemendik aurrera, denbora alde du laukoak eta gakoa ondo aprobetxatzea da.

2010/01/13

Erreportajea | Audience


Hamar

Urteen esperientzia, nortasuna. Audience bizkaitarrek barealdi garaia bizi dute, baina ez daude bare. Hamar urteko ibilbidean euren musika ezagutzeko hainbat pista eman dituzte. Rock oinarria, blues zein countrya, eta esperimentatzeko nahia. Musika tresna berriak ezagutu, trebatu eta lan batetik bestera gehitu dituzte. “A Shake In Calm Water” (Bidehuts 2009) laugarren diskoarekin aurrera begirako eten bat egin nahi dute. Nortasuna, urteen esperientzia.

Isolamenduaren bila Gernika utzi eta Andoaingo Garaten hartu zuten ostatu Audience taldekoek, pasa den apirilean. Familia handiak bezala, maleta eta musika tresnekin iritsi ziren Kaki Arkarazok zuzentzen duen ostatura. Ordura arte ez bezala, bost musikariek batera hamar eguneko egonaldia egin zuten Garaten, Egoitz manager eta sukaldariarekin batera. Hamar egun horietan grabatu zuten “A Shake In Calm Water” (Bidehuts) laugarren diskoa.

Hamarkadetan atzera egin zuten garai bateko bat batekotasun klasikoaren bila. Izan ere, bizkaitarrek zuzenean eta elkarrekin grabatu zituzten lan berriko hamar kantuak, ostatuaren goiko solairuan. Bitartean, Arkarazok taldearen laginak zinta zabalean jaso zituen, gerora era analogikoan nahasteko. Abestien erditze naturala lortzeko isolatu ziren, diskoak berezko izaera har zezan.

Grabaketa burutu eta ia bi hilabetera itzuli ziren Garate ostatura. Hamar egun horietan bizitako esperientzia ahaztu gabe nahasketen garaia iritsi zen. Esperientzia hura antolatu eta atontzeko unea. Ekainaren bukaera aldean bat egin genuen Audience taldeko Ager eta Gaizka Insunza anaiekin, Andoaingo mendi artean. Urduri eta bare zeuden. Ondo grabatutakoa ondo nahasteko xedea baino ez zuten, eta hortxe ikusi genituen Arkarazorekin batera lanketa analogikoa egiten. Fader bat gorago, beste bat beherago. Oreka bilatuta zinta zabalak dena erregistratzen zuen, horrela, kantu berri bat sortzeko.

Barealdia eraikitzeko unea

Laugarren pausoaren abentura 2008ko abenduan hasi ziren biribiltzen. “Bost musikariek bat egiteko aukera izan genuen gabonetan, eta aurre grabaketa moduko bat egin genuen Mikel eta Igor Eceiza anaien estudioan” azaldu du Gaizkak. Nolanahi ere, “A Shake In Calm Water” diskoaren prestaketa lehenagotik hasi zen, Agerren arabera. “Aurreko diskoa bukatu ondoren hasi ginen berria prestatzen. Lan honetan badira zuzenean eskaini ditugun abestiak. White Man, esaterako”. Bereziki bi fase nabarmendu ditu. “Diskoari bultzada bat emateko grabatu genituen abestiak, hori izan zen lehen fasea. Bigarrena pasa den urte bukaeratik gaur egun artekoa da. Ordutik buru belarri aritu gara lanean, ahalik eta lan duinena osatzeko”. Aldi berean, lan berrian erabili nahi zituzten musika tresnak probatzeko aukera paregabea izan zela aitortu dute biek.

Nolanahi ere, azken urteetan kantuak konposatzeko modu bitxia izan du Audiencek. Agerrek lau bat urte eman ditu Estokolmon bizitzen (Suedia), eta horrela, ez zuten elkartzeko aukerarik. “Bateria, baxua eta gitarra landu genituen Ager etorri arte. Bera oso musikari teknikoa da eta egun gutxitan kantuei forma emateko aukera izan genuen” dio Gaizkak. Musikari onak izatearen abantaila. “Argitu nahi nuke kantuak ez ditugula lokalean sortzen. Normalean musikari batek ideia eramaten du eta ondoren bueltak ematen hasten gara”. Dagoeneko hamar urte daramatzate talde gisa, eta ezagutzen dute bakoitzaren kantuak sortzeko era.

Mendi arteko ostatua

“Guk gure grabaziotan bi oinarri jarraitzen ditugu grabazioa ahalik eta naturalena izan dadin: taldeak zuzenean jo eta grabatzea, eta grabaketa hori analogikoan izatea”, argitu du Gaizkak. Baldintza horiek asetzeko leku aproposena Andoaingo mendi tartean aurkitu zuten, Garate estudioetan. “Kaki Arkarazok grabatu dituen diskoak gustatzen zaizkigu. Eta berak duen esperientzia ikusita erakargarria zen berarekin lan egitea”. Manta Ray edo Atom Rhumba taldeek baserri ezkutuan lortutako soinua atsegin dute Insunza anaiek, eta argi zuten laugarren diskoa bertan grabatu nahi zutela. “Aurreko diskoa formatu digitalean egin dugun bakarra da. Oraingoan, ordea, analogikoan egin nahi genuen. Nik uste dut disko hau dela grabaketa prozesuari dagokionez ardura gehien eman dioguna”, gaineratu du Agerrek.

Egutegiko hamar egun hautatu eta Garatera joan ziren bizitzera. Gaizkak egun horietan egindakoa irribarre batekin gogoratu du: “Kaki egunero etortzen zen goizeko bederatzi eta erdietan ogia eta croissant batzuekin, eta hala guztiok batera gosaltzen genuen. Ondoren hamarretatik eguerdiko ordubiak arte lehen grabaketa sesioa egiten genuen. Egoitzek prestatutako bazkari perfektua bukatu ondotik, Teleberria pixka bat ikusi eta arratsaldeko lauretatik zortzietara bigarren sesioa egiten genuen”. Dena dela, paseatzeko eta deskonektatzeko astia ere izan zuen musikari bakoitzak egun horietan.

Bizkaitarrek zuzenean lortzen duten soinua diskora eramateko asmo argia zuten. “Zuzenean egiten baduzu esentzia hori badago, freskotasuna. Nik uste dut naturaltasun horren aurka ezin dela ezer esan. Gainera zuzenean grabatu eta nahastu dugu diskoa”, adierazi du Gaizkak. Izan ere, “musika tresnak bakarka jo eta grabatzea oso hotza da”. Musikariak elkarri begira zuzenean grabatzen ari direnean “sentsazio berriak” eta “une errepikaezinak” sortzen direla uste du. “Bat bateko sormen hori erregistratua geratzen da”. Esperientzia oso aberatsa izan dela gaineratu du Gaizkak. “Lehenago akats txikiei garrantzia gehiegi ematen genien, eta orain ikusi dugu xehetasunei garrantzia eman beharrean abestiaren dinamikaren alde egiten”. Konplexuak atzean utzi dituzte.

Pedalak dituen gitarra

Garatera bizikletaz iristeko indarra behar da aldapa gora pedalei eragiteko. Pedal steel gitarra jotzeko, ordea, indarra baino trebakuntza eta pazientzia behar da. “Lehenengo aldiz jotzen duzunean konturatzen zara infernu hutsa dela, baina pixkanaka ikasten zoaz”. Duela hiru bat urte erosi zuen Agerrek eserita eta pedalen laguntzarekin jotzen den hamar sokako gitarra bitxia. Ordutik ikasten eta hobetzen aritu da, eta azkenik laugarren diskoan sartu dute. “Gure taldean eta euskal musikan berrikuntza dela uste dut. Kakik esan dit grabatu izan duela pedal steel guitarra noizbait. Nik ez dut euskal diskorik ezagutzen musika tresna hau ageri dena”. Betidanik gustatu izan zaio duen soinu berezia, eta horrela deskribatu du: “disonantzia gustagarria”. Batik bat, country edo Hawaiiko musikan erabiltzen da pedal steel gitarra, baina rockarekin ere uztartu daitekeela erakutsi nahi izan dute Audience taldekoek. “Ziur nago jendeak diskoa entzutean, laster pedal steel gitarra beste euskal disko batean entzungo dugula”, esan du Agerrek.

Armonika da laugarren lanaren beste berritasuna. “Orain arte ez dugu inoiz erabili eta disko honetan bi abestitan sartu dugu. Gainera batean Agerrek jo du eta bestean Mikel bateria jotzaileak”, dio Gaizkak. Horrez gain, pixkanaka euren proposamenean barneratu dituzten instrumentuek garrantzia berezia dute diskoan. Hala nola, saxoak, biolinak, perkusioak eta pianoak. “Benetako piano batekin grabatu dugu eta oso gustura gaude lortutako soinuarekin”. Erabilitako tresnen “adina” ere ezin da aipatu gabe utzi. 50ko hamarkadako Harmony edo Telecaster gitarra elektrikoak erabili dituzte, edo 30eko hamarkadako Gibson L48 gitarra akustikoa eta XIX. mende bukaerako biolina.

Collage modukoa

Bizkaitarren arabera, diskoaren azalak “oso ondo” deskribatzen du edukia. “Argazkiz osatutako collage modukoa da. Inoiz baino gehiago zabaldu dira abestien estiloak eta soinu erregistroek kolore berriak dituzte. Abestiak bilutsik ageri dira, eta emaitza gordina da, nolabait ausarta”. Guztira hamar kantu ditu lanak, eta orain arteko zuzenenak direla nabarmendu du Agerrek. “Lehen bi diskoetan abestiak asko konplikatzen genituen. Zubi luzeak, egitura oso zailak, alde batetik bestera. Oraingoan, ordea, kantuen kontzeptua lantzen ikasi dugu”. Instrumentalak dira horren eredu. “Beste diskoetako kantu instrumentalak oso nahasiak eta esperimentalak ziren. Lan honetan, ordea, erritmoduna eta bizia da grabatu duguna”.

Abestiak janzteko, berriz, ingelesa da taldearen hizkuntza baina euskarari orain arteko leku zabalena ere eskaini diote. “Kanta bat euskara hutsean da, eta beste bat ingelesarekin nahastu dugu”. Estiloekin antzeko gauza gertatzen da. Betidanik makina bat estilo nahasteko joera izan dute bizkaitarrek. Esperimentazioak ez du etenik. “Hala ere, rock musika da gure proposamena ondoen definitzen duena”. Blues, country edota jazz esentzia ere badu diskoak. “Eta ez hori bakarrik, tango kutsuko kantu bat ere badago”, gogoratu du Gaizkak. Kantuen letrek ere garrantzia dute. “Gehienbat musikari bezala sentitzen duguna islatzen dugu abestietan. Horrela abestiak bizitza izaten du jotzerakoan. Beste gaiak ere badira, noski: maitasuna, lagunak eta abar”, adierazi du Gaizkak.

Mugarria

Dagoeneko hamar urte igaro dira taldea martxan jarri zutenetik. Bidean geratu dira, hasierako maketa, lan laburra eta lau disko. Orain Audiencek jauzia eman nahi du, asmo berri horiek bete nahi ditu. “Gaur egun talde gutxik betetzen dituzte hamar urte. Arrakasta, beraz, aurrera jarraitzea da, eta ez diskoak saltzea”, dio Gaizkak. “A Shake In Calm Water” diskoarekin profesionaltasunari buelta bat eman nahi diotela gaineratu du Agerrek. “Jauzia eman nahi dugu. Egiten duguna sinisten dugu eta nahi genuke lan berria taldearentzat mugarri izatea”. Horretarako dena ondo zaindu dute. Grabaziotik hasita argitalpeneraino. Bidehuts familiaren babesarekin lana binilo eta disko formatuan kaleratu dute. “Proiektuaren filosofia ikusita biniloan ateratzea ezinbestekoa zen. Gainera, taldekideok formatu bietan erosten ditugu diskoak. Eztabaida handiak izango ditugu soinu onena zein formatuk duen erabakitzeko”.

Kontzertuak ere eskaini nahi dituzte. Etxean, zein etxetik kanpo. Euren musika egonkortzen den leku horietan guztietan. Eurentzako eta eurak entzutera hurbiltzen direnentzako. Gustura daude orain arte lortutakoarekin, eta bide beretik segitu nahi dute aurrerantzean ere. Hamar urte. Hamar egun. Hamar soka. Hamar kantu. Hamaika asmo.


Entzun! aldizkariaren 59. alean argitaratua (2009).

---

Diskografia:
- Maketa, Audience (1999)
- Demo, Gag a Day (2000)
- EP, Nashville Shirts (2001)
- CD, Some Lovely Hands On Dry Skins (Primeros Pasitos 2001)
- CD, Second Handes (Noizpop 2003)
- CD, Trying Wings On Roots (Noizpop 2007)
- CD, A Shake In Calm Water (Bidehuts 2009)

Taldekideak:
Hannot Mintegia (ahotsa, gitarra eta tronpeta), Gaizka Insunza (ahotsa, gitarra, saxoa eta pianoa), Ager Insunza (ahotsa, biolina, pedal steel gitarra, gitarra eta pianoa), Andoni Lauzirika (baxua) eta Mikel Sagarna (bateria).

Sarean:

2010/01/12

2009ko argitalpen esanguratsuenak!

Emankorra, oparoa eta aberatsa izan da 2009. urtea. Argitalpen zerrenda luzea bezain anitza da. Guztira 270 ale baino gehiago plazaratu dira. Hala diskoetxe nola auto-ekoizpenaren bidez Euskal Herriko musika taldeek euren lanak aurkeztu dituzte CD, LP, kasete nahiz modu digitalean. Gaur egun gure eszenak bizi duen osasun apartaren isla da iragan urteak emandakoa.


30 argitalpen esanguratsuenak:

ANARI 'Irla Izan'
ANGER 'Sedukzioaz'
AUDIENCE 'A Shake In Calm Water"
BERRI TXARRAK 'Payola'
BIOK 'Gaur Ez Da Dena Grisa'
DARKNESS BY OATH 'Fear Yourself'
DELOREAN 'Ayrton Senna'
ELBERETH 'Arimak Pizturik Dirau'
FRIDAYS CREW 'Fridays Crew'
GOSE '3'
GRISES 'Grises'
INOREN ERO NI 'Fosbury'
JOSEBA IRAZOKI 'Euria Ari Du'
KALEGINEZ 'Bueltarik Gabe'
KEROBIA 'Papera Eta Kartoia'
KRILIN 'When The Time Comes There Will Be No Time'
LOAN 'Hontziria'
MURSEGO 'Bat'
NEALLTA FOLA 'Iraultza'
NORMAN 'Norman'
PIZTIAK 'Gabeko Kalapitxixak'
R 'Uneak'
SEXTY SEXERS 'Hero Mantra'
THE DIRTY PINK LADIES 'Sunrise Orchestra'
THE HOT DOGS 'Nothing But A Bad Day'
THEE BRANDY HIPS 'We Are Love'
UKBILL 'Paradisu Sekretua'
XABALTX 'Cymeus'
XABI SAN SEBASTIAN 'Ospela'
WILLIS DRUMMOND 'Willis Drummond'

Urteko taldea eta zuzeneko onena:

WILLIS DRUMMOND (Argazkia: Jon Iraundegi)