2010/01/13

Erreportajea | Audience


Hamar

Urteen esperientzia, nortasuna. Audience bizkaitarrek barealdi garaia bizi dute, baina ez daude bare. Hamar urteko ibilbidean euren musika ezagutzeko hainbat pista eman dituzte. Rock oinarria, blues zein countrya, eta esperimentatzeko nahia. Musika tresna berriak ezagutu, trebatu eta lan batetik bestera gehitu dituzte. “A Shake In Calm Water” (Bidehuts 2009) laugarren diskoarekin aurrera begirako eten bat egin nahi dute. Nortasuna, urteen esperientzia.

Isolamenduaren bila Gernika utzi eta Andoaingo Garaten hartu zuten ostatu Audience taldekoek, pasa den apirilean. Familia handiak bezala, maleta eta musika tresnekin iritsi ziren Kaki Arkarazok zuzentzen duen ostatura. Ordura arte ez bezala, bost musikariek batera hamar eguneko egonaldia egin zuten Garaten, Egoitz manager eta sukaldariarekin batera. Hamar egun horietan grabatu zuten “A Shake In Calm Water” (Bidehuts) laugarren diskoa.

Hamarkadetan atzera egin zuten garai bateko bat batekotasun klasikoaren bila. Izan ere, bizkaitarrek zuzenean eta elkarrekin grabatu zituzten lan berriko hamar kantuak, ostatuaren goiko solairuan. Bitartean, Arkarazok taldearen laginak zinta zabalean jaso zituen, gerora era analogikoan nahasteko. Abestien erditze naturala lortzeko isolatu ziren, diskoak berezko izaera har zezan.

Grabaketa burutu eta ia bi hilabetera itzuli ziren Garate ostatura. Hamar egun horietan bizitako esperientzia ahaztu gabe nahasketen garaia iritsi zen. Esperientzia hura antolatu eta atontzeko unea. Ekainaren bukaera aldean bat egin genuen Audience taldeko Ager eta Gaizka Insunza anaiekin, Andoaingo mendi artean. Urduri eta bare zeuden. Ondo grabatutakoa ondo nahasteko xedea baino ez zuten, eta hortxe ikusi genituen Arkarazorekin batera lanketa analogikoa egiten. Fader bat gorago, beste bat beherago. Oreka bilatuta zinta zabalak dena erregistratzen zuen, horrela, kantu berri bat sortzeko.

Barealdia eraikitzeko unea

Laugarren pausoaren abentura 2008ko abenduan hasi ziren biribiltzen. “Bost musikariek bat egiteko aukera izan genuen gabonetan, eta aurre grabaketa moduko bat egin genuen Mikel eta Igor Eceiza anaien estudioan” azaldu du Gaizkak. Nolanahi ere, “A Shake In Calm Water” diskoaren prestaketa lehenagotik hasi zen, Agerren arabera. “Aurreko diskoa bukatu ondoren hasi ginen berria prestatzen. Lan honetan badira zuzenean eskaini ditugun abestiak. White Man, esaterako”. Bereziki bi fase nabarmendu ditu. “Diskoari bultzada bat emateko grabatu genituen abestiak, hori izan zen lehen fasea. Bigarrena pasa den urte bukaeratik gaur egun artekoa da. Ordutik buru belarri aritu gara lanean, ahalik eta lan duinena osatzeko”. Aldi berean, lan berrian erabili nahi zituzten musika tresnak probatzeko aukera paregabea izan zela aitortu dute biek.

Nolanahi ere, azken urteetan kantuak konposatzeko modu bitxia izan du Audiencek. Agerrek lau bat urte eman ditu Estokolmon bizitzen (Suedia), eta horrela, ez zuten elkartzeko aukerarik. “Bateria, baxua eta gitarra landu genituen Ager etorri arte. Bera oso musikari teknikoa da eta egun gutxitan kantuei forma emateko aukera izan genuen” dio Gaizkak. Musikari onak izatearen abantaila. “Argitu nahi nuke kantuak ez ditugula lokalean sortzen. Normalean musikari batek ideia eramaten du eta ondoren bueltak ematen hasten gara”. Dagoeneko hamar urte daramatzate talde gisa, eta ezagutzen dute bakoitzaren kantuak sortzeko era.

Mendi arteko ostatua

“Guk gure grabaziotan bi oinarri jarraitzen ditugu grabazioa ahalik eta naturalena izan dadin: taldeak zuzenean jo eta grabatzea, eta grabaketa hori analogikoan izatea”, argitu du Gaizkak. Baldintza horiek asetzeko leku aproposena Andoaingo mendi tartean aurkitu zuten, Garate estudioetan. “Kaki Arkarazok grabatu dituen diskoak gustatzen zaizkigu. Eta berak duen esperientzia ikusita erakargarria zen berarekin lan egitea”. Manta Ray edo Atom Rhumba taldeek baserri ezkutuan lortutako soinua atsegin dute Insunza anaiek, eta argi zuten laugarren diskoa bertan grabatu nahi zutela. “Aurreko diskoa formatu digitalean egin dugun bakarra da. Oraingoan, ordea, analogikoan egin nahi genuen. Nik uste dut disko hau dela grabaketa prozesuari dagokionez ardura gehien eman dioguna”, gaineratu du Agerrek.

Egutegiko hamar egun hautatu eta Garatera joan ziren bizitzera. Gaizkak egun horietan egindakoa irribarre batekin gogoratu du: “Kaki egunero etortzen zen goizeko bederatzi eta erdietan ogia eta croissant batzuekin, eta hala guztiok batera gosaltzen genuen. Ondoren hamarretatik eguerdiko ordubiak arte lehen grabaketa sesioa egiten genuen. Egoitzek prestatutako bazkari perfektua bukatu ondotik, Teleberria pixka bat ikusi eta arratsaldeko lauretatik zortzietara bigarren sesioa egiten genuen”. Dena dela, paseatzeko eta deskonektatzeko astia ere izan zuen musikari bakoitzak egun horietan.

Bizkaitarrek zuzenean lortzen duten soinua diskora eramateko asmo argia zuten. “Zuzenean egiten baduzu esentzia hori badago, freskotasuna. Nik uste dut naturaltasun horren aurka ezin dela ezer esan. Gainera zuzenean grabatu eta nahastu dugu diskoa”, adierazi du Gaizkak. Izan ere, “musika tresnak bakarka jo eta grabatzea oso hotza da”. Musikariak elkarri begira zuzenean grabatzen ari direnean “sentsazio berriak” eta “une errepikaezinak” sortzen direla uste du. “Bat bateko sormen hori erregistratua geratzen da”. Esperientzia oso aberatsa izan dela gaineratu du Gaizkak. “Lehenago akats txikiei garrantzia gehiegi ematen genien, eta orain ikusi dugu xehetasunei garrantzia eman beharrean abestiaren dinamikaren alde egiten”. Konplexuak atzean utzi dituzte.

Pedalak dituen gitarra

Garatera bizikletaz iristeko indarra behar da aldapa gora pedalei eragiteko. Pedal steel gitarra jotzeko, ordea, indarra baino trebakuntza eta pazientzia behar da. “Lehenengo aldiz jotzen duzunean konturatzen zara infernu hutsa dela, baina pixkanaka ikasten zoaz”. Duela hiru bat urte erosi zuen Agerrek eserita eta pedalen laguntzarekin jotzen den hamar sokako gitarra bitxia. Ordutik ikasten eta hobetzen aritu da, eta azkenik laugarren diskoan sartu dute. “Gure taldean eta euskal musikan berrikuntza dela uste dut. Kakik esan dit grabatu izan duela pedal steel guitarra noizbait. Nik ez dut euskal diskorik ezagutzen musika tresna hau ageri dena”. Betidanik gustatu izan zaio duen soinu berezia, eta horrela deskribatu du: “disonantzia gustagarria”. Batik bat, country edo Hawaiiko musikan erabiltzen da pedal steel gitarra, baina rockarekin ere uztartu daitekeela erakutsi nahi izan dute Audience taldekoek. “Ziur nago jendeak diskoa entzutean, laster pedal steel gitarra beste euskal disko batean entzungo dugula”, esan du Agerrek.

Armonika da laugarren lanaren beste berritasuna. “Orain arte ez dugu inoiz erabili eta disko honetan bi abestitan sartu dugu. Gainera batean Agerrek jo du eta bestean Mikel bateria jotzaileak”, dio Gaizkak. Horrez gain, pixkanaka euren proposamenean barneratu dituzten instrumentuek garrantzia berezia dute diskoan. Hala nola, saxoak, biolinak, perkusioak eta pianoak. “Benetako piano batekin grabatu dugu eta oso gustura gaude lortutako soinuarekin”. Erabilitako tresnen “adina” ere ezin da aipatu gabe utzi. 50ko hamarkadako Harmony edo Telecaster gitarra elektrikoak erabili dituzte, edo 30eko hamarkadako Gibson L48 gitarra akustikoa eta XIX. mende bukaerako biolina.

Collage modukoa

Bizkaitarren arabera, diskoaren azalak “oso ondo” deskribatzen du edukia. “Argazkiz osatutako collage modukoa da. Inoiz baino gehiago zabaldu dira abestien estiloak eta soinu erregistroek kolore berriak dituzte. Abestiak bilutsik ageri dira, eta emaitza gordina da, nolabait ausarta”. Guztira hamar kantu ditu lanak, eta orain arteko zuzenenak direla nabarmendu du Agerrek. “Lehen bi diskoetan abestiak asko konplikatzen genituen. Zubi luzeak, egitura oso zailak, alde batetik bestera. Oraingoan, ordea, kantuen kontzeptua lantzen ikasi dugu”. Instrumentalak dira horren eredu. “Beste diskoetako kantu instrumentalak oso nahasiak eta esperimentalak ziren. Lan honetan, ordea, erritmoduna eta bizia da grabatu duguna”.

Abestiak janzteko, berriz, ingelesa da taldearen hizkuntza baina euskarari orain arteko leku zabalena ere eskaini diote. “Kanta bat euskara hutsean da, eta beste bat ingelesarekin nahastu dugu”. Estiloekin antzeko gauza gertatzen da. Betidanik makina bat estilo nahasteko joera izan dute bizkaitarrek. Esperimentazioak ez du etenik. “Hala ere, rock musika da gure proposamena ondoen definitzen duena”. Blues, country edota jazz esentzia ere badu diskoak. “Eta ez hori bakarrik, tango kutsuko kantu bat ere badago”, gogoratu du Gaizkak. Kantuen letrek ere garrantzia dute. “Gehienbat musikari bezala sentitzen duguna islatzen dugu abestietan. Horrela abestiak bizitza izaten du jotzerakoan. Beste gaiak ere badira, noski: maitasuna, lagunak eta abar”, adierazi du Gaizkak.

Mugarria

Dagoeneko hamar urte igaro dira taldea martxan jarri zutenetik. Bidean geratu dira, hasierako maketa, lan laburra eta lau disko. Orain Audiencek jauzia eman nahi du, asmo berri horiek bete nahi ditu. “Gaur egun talde gutxik betetzen dituzte hamar urte. Arrakasta, beraz, aurrera jarraitzea da, eta ez diskoak saltzea”, dio Gaizkak. “A Shake In Calm Water” diskoarekin profesionaltasunari buelta bat eman nahi diotela gaineratu du Agerrek. “Jauzia eman nahi dugu. Egiten duguna sinisten dugu eta nahi genuke lan berria taldearentzat mugarri izatea”. Horretarako dena ondo zaindu dute. Grabaziotik hasita argitalpeneraino. Bidehuts familiaren babesarekin lana binilo eta disko formatuan kaleratu dute. “Proiektuaren filosofia ikusita biniloan ateratzea ezinbestekoa zen. Gainera, taldekideok formatu bietan erosten ditugu diskoak. Eztabaida handiak izango ditugu soinu onena zein formatuk duen erabakitzeko”.

Kontzertuak ere eskaini nahi dituzte. Etxean, zein etxetik kanpo. Euren musika egonkortzen den leku horietan guztietan. Eurentzako eta eurak entzutera hurbiltzen direnentzako. Gustura daude orain arte lortutakoarekin, eta bide beretik segitu nahi dute aurrerantzean ere. Hamar urte. Hamar egun. Hamar soka. Hamar kantu. Hamaika asmo.


Entzun! aldizkariaren 59. alean argitaratua (2009).

---

Diskografia:
- Maketa, Audience (1999)
- Demo, Gag a Day (2000)
- EP, Nashville Shirts (2001)
- CD, Some Lovely Hands On Dry Skins (Primeros Pasitos 2001)
- CD, Second Handes (Noizpop 2003)
- CD, Trying Wings On Roots (Noizpop 2007)
- CD, A Shake In Calm Water (Bidehuts 2009)

Taldekideak:
Hannot Mintegia (ahotsa, gitarra eta tronpeta), Gaizka Insunza (ahotsa, gitarra, saxoa eta pianoa), Ager Insunza (ahotsa, biolina, pedal steel gitarra, gitarra eta pianoa), Andoni Lauzirika (baxua) eta Mikel Sagarna (bateria).

Sarean:

No hay comentarios:

Publicar un comentario